Paisaiak, argi goxotan

XIX. mendean hainbat hiriri ateratako irudiek osatzen dute Photomuseumeko 'Paisaia eta arkitektura' erakusketaEuropa eta Asiako hirietakoak dira gehienak, baina badira naturguneetako irudiak ere

Napoliren irudia, Giacomo Brogi argazkilari italiarrak egindakoa. GIACOMO BROGI.
gorka erostarbe leunda
Zarautz
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Edouard-Denis Baldus, Felix Bonfis, Giacomo Brogi eta Carlo Brogi, Francis Frith, Jean Laurent y Miner eta Carlo Ponti ez dira argazkigintzaren historiako izen handiak, baina guztiek utzi zuten beren lorratza XIX. mendean, argazkigintzaren lehen hamarkadetan, eta guztiek lan egin zuten, besteak beste, paisaien argazkilari modura. Horiek guztiek Europako nahiz Asiako hainbat hiri eta paisaiari ateratako irudiek osatzen dute Zarauzko Photomuseum museoan ikusgai dagoen Paisaia eta arkitektura erakusketa. Maiatzaren 27ra arte ikusi ahal izango dira argazkiak.

Louis Daguerrerekin batera argazkigintzaren asmatzailea izan zen Nicephore Niepceren lehen irudia paisaia bat izan zen. Famatuak dira Daguerreren zenbait irudi ere, 1839ko Parisko Boulevard du Temple, adibidez. Argazki originalekin ilustraturiko lehen liburuek Ekialde Hurbilean bidaiariek ateratako paisaia eta monumentuen irudiak jasotzen zituzten. Paisaia argazkien generoa ongi jasotzen duen erakusketa da Photomuseumekoa. Besteak beste, Frantzia, Italia, Espainia, Alemania, Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Egipto, Turkia, Siria, Israel, Txina eta Japoniako irudiek osatzen dute Kutxako Fototekako Funtsak Photomuseumi utzitako bilduma.

Albumina paperean

Albumina paperean egindako irudietan Bartzelona, Florentzia, Napoli, Paris, Jerusalem, Salamanca eta beste hainbat hiritako irudiak azaltzen dira, baita Alpeetako zenbait ingurune (Mont Blanc eta Chamonix) eta Niagarako ur-jauziak ere. Hiriak garbiak dira artean. Eliza, zubi eta harrizko eraikuntza klasikoak nabarmentzen dira artean masifikazioaren atzaparrek harrapatu gabeko auzoen aldean. Etxebizitzei dagokienez, eraikuntza txikiak dira gehienak, eta ibaiak, mendi kaskoak eta natur elementuak egun baino ageriago azaltzen dira hirietako argazkietan.

Albumina paperean egindako irudiak XIX. mendeko bigarren hamarkadan oso ugariak izan ziren. Argazkiek kolore beroak dituzte, goxoak. Irudi argiak dira, aberatsak kontrasteetan. Negatiboak formatu handikoak dira. Paperen bitartez egindako kontaktuekin positibatzen ziren, eguzkiaren argiaren laguntzaz. Argi horren goxotasuna islatzen dute, esaterako, Giacomo Brogi (1822-1881) eta Carlo Brogi (1856-1925) aita-semeek Italiako hainbat hiritan atera zituzten argazkiek. Erretratuetan espezializatu zen Giacomo Brogi. Artelanak ere erreproduzitzen zituen; batez ere, margolanak; baina, garai hartan ia ezinbesteko zen modura, paisaietan ere jartzen zuen soa. Hura hil ostean, Carlo semeak hartu zuen lanbidearen ardura. Erakusketan, Florentzia, Napoli eta Veneziako irudiak ikus daitezke, baina famatua da, halaber, aitak bere garaian egindako Palestinako Albuma. Jerusalemgo pare bat argazki ere biltzen ditu erakusketak, baina Felis Bonfis frantziarrak (1831-1885) ateratakoak. 1867an, Beiruten kokatu zen. Lau urte geroago, 500 negatibo baino gehiago zituen eta milaka kopia esteroskopiko (Siria, Grezia, Palestina, Egipto, Turkia). Architecture Antique (1871) eta Souvenirs d'Orient albumak argitaratu zituen.

Francis Frith ingelesak (1822-1898) Alpeei ateratakoek eta Jean Laurent y Miner frantziarrak (1816-1886) Iberiar penintsulako hainbat hiriri (Lisboa, Bartzelona, Tarragona, Sevilla, Toledo, Salamanca ...) egindakoek osatzen dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.