Paisaiak soildu zituen laukotea

Lanik berrienak ikusgai jarri dituzte Arozenak, Tapiak, Bizkarrondok eta Grazeneak, Ur taldea sortu eta 45 urtera

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Mutikoak baino ez zirela hasi ziren margotzen, eta inoiz ez dituzte pintzela eta paleta alde batera utzi. 1960 eta 1970eko hamarkadetan egin ziren ezagun Javier Arozena (Donostia, 1935), Carlos Bizkarrondo (Madril, 1935), Jose Grazenea (Irun, 1927) eta Alejandro Tapia (Aginaga, 1930), Ur taldea sortu eta garai hartan eginiko erakusketekin. 1975ean banatu zen laukotea, nork bere bideari jarraitzeko. Baina Ur taldea osatu zutela 45 urte bete direla eta, berriro elkartu dira lau artistak, Donostiako Ekain arte galerian erakusketa bat muntatzeko. Beren lanik berrienak jarri dituzte ikusgai bertan, gaurtik azaroaren 27ra arte.

Pintura lehiaketetan ezagutu zuten elkar lau margolariek, eta talde gisa elkarrekin aritzea erabaki zuten 1965ean. «Grazeneari otu zitzaion», gogoratu zuen Bizkarrondok atzo, Tapiarekin eta Arozenarekin galerian erakusketa atontzen ari zela -Grazeneak ezin izan zen joan-. «Lehenak izan ginen talde bat osatzen, eta gerora beste asko sortu ziren», Tapiak gogoan duenez. Gaur taldea, esaterako. «Erakusketak egitea errazten zuen talde gisa jarduteak, indar handiagoa genuen horrela», Arozenaren hitzetan. Horixe izan zen Ur sortzeko arrazoi nagusia. Urte hartako urrian egin zuen taldeak lehen erakusketa, San Telmo museoan.

Hastapenak «zailak» izan zirela gogoan dute, ekonomikoki batez ere. Halere, loraldian zen artista mugimendu oso baten abaroan sortu zen taldea, eta giro hark nolabaiteko babesa eman zien. Eskultore, musikari eta bestelako artistekin harremana izan zuten laurek garai hartan, beste margolari batzuekin bereziki. «Orduan harreman handiagoa zegoen artisten artean, beste giro bat zegoen arte munduan, baina hori asko aldatu da gaur egun», Tapiaren ustez.

Bakoitzak bere estilo eta teknika bazuen ere, hasieratik jo zuten laurek espresionismotik, eta paisaia landu izan dute batez ere. «Orduan errealismo handiegiz margotzen zen paisaia, eta guk hori interpretatzeko modua hautsi genuen apur bat, bakoitzak bere aldetik; marrak eta formak soildu, sinplifikatu egin genituen», Bizkarrondoren esanetan.

Dena dela, estilo erabat ezberdinak ikusten dira galerian jarritako margolanetan. Bizkarrondoren ustez, naif kutsu handiagoa dute bere lanek, eta Grazenearenak abstraktuagoak direla esatean bat datoz denak. «Abstrakziora jotzen du gehiago Grazeneak, disimulatuagoa bada ere, eta pintura musikalagoa da berea», hausnartu zuen Bizkarrondok. «Taldea izanik ere, beti izan ditugu ezberdintasun handiak. Izan dezakezu garapen bat, eta zertxobait alda zintezke, baina bakoitzaren egiteko moduak ez dira aldatzen», Tapiaren ustez.

Hamar urtez jardun zuten talde gisa, eta 30 erakusketa inguru egin zituzten elkarrekin. 1975ean desegin zuten taldea, horretarako arrazoi garbirik ez bazuten ere. «Nekatu egin ginen», aipatu zuen Arozenak, barrez. «Saltsa pixka bat sortzeko osatu genuen taldea, eta gerora, beste talde askok bezala, utzi egin genuen», gogoratu du Tapiak. Duela hogei urte beste erakusketa bat egin bazuten ere, ordutik ez ziren horretarako berriro bildu, eta nork bere bidetik jarraitu zuen margotzen.

Gazteentzat aukera eske

Margotzeari ekin zioten garaitik hona gauza asko aldatu dira, bai gizartean, oro har, baita pinturaren munduan ere. «Margotzeko modua ere asko aldatu da. Argazkilaritzak eragin handia izan du, eta pintura kontzeptuala lantzen da orain; beste gauza bat da hori», Tapiaren hitzetan. «Dena pentsatuagoa da, hotzagoa», Arozenaren aburuz. Pintura beti joan dela aldatuz, eta ez dela inoiz hastapenetara itzuliko uste dute bai Tapiak, baita Arozenak ere. «Inpresionismora itzulita ere, ez da gauza bera egingo, baina beste inpresionismo bat egon liteke, adibidez», Tapiaren esanetan.

Euren hastapen zailak gogora ekarrita, gaur egungo gazteek ez dutela errazago uste dute. «Panorama txarra ikusten dut gazteentzat, zentzu guztietan; badaude gazteak, baina aukera eta galeria gutxiago daude orain», Tapiaren aburuz. Artista gazteei aukera gehiago eskaintzearen aldekoa da Arozena ere. Krisiaren eragina artean sumatzen ari dela ikusten dute. «Orduan zaila zen margolan bat saltzea; gaur egun, berriz, miraria da», iritzi dio Arozenak, bi lagunen barrea eraginez. «Krisi gehiago ere ezagutu ditugu guk lehenagotik, ez pentsa! Baina krisi artistikorik ez dugu izan, beraz, ez da horrenbesterako», erantzun zion Tapiak, barrea galdu gabe.

Izan ere, gazte garaiak atzean aspaldi utzi bazituzten ere, laurak gaur egun ere produkzio handiko artistak direla dio Rita Unzurrunzaga Ekain galeriako arduradunak. Lau margolarien estudioetan erakusketarako lanak aukeratzen izan zenean ikusi ahal izan zuen hori. Hamar margolan inguru jarri ditu ikusgai artista bakoitzak, baina horiez gain, egurrean nahiz harrian eginiko zortzi eskultura eraman ditu Tapiak. Nafarroako paisaiak ageri dira Arozenaren lanetan. Bizkarrondoren obretan, aldiz, kostaldeko irudiak dira nagusi, paisaia urbanoagoren bat ere margotu duen arren. Lan abstraktuagoak dira Tapiak eta Grazeneak ikusgai jarritakoak, Grazenearen zenbait obra figuratiboagoak badira ere. Haren hiru akuarela eta eskulturak salbu, olioz eginak dira lan guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.