Paisaiek inspiratutako obrak abiapuntutzat hartuz, garai askotariko artelanak jaso ditu Kutxak Plein Air bilduman. Artearen Historiako lizentzia du Nekane Aranburuk, liburuaren koordinatzaileak, eta berrehundik gora artelan bildu dituzte. Hainbat garai, estilo eta autoreren lan multzo kaotikori ordena emateko, artelanen historiaren inguruko sarrera idatzi du Aranburuk, aipu historikoak txertatuz eta literaturaren zein zinemaren munduko esaldiak erabiliz.
Mont Blanc mendiaren zuri-beltzeko argazki batek ematen dio hasiera bildumari. Bertan, Juan Luis Mendizabal eta Jose Antonio Sistiagaren margolanak bildu dituzte, besteak beste. Eskulturen irudiak ere jaso dituzte: Nestor Basterretxearenak, esate baterako. Horrez gain, argazki bilduma mardula txertatu dute, eta bertan ikus daiteke, adibidez, Robert Caparen lanetako bat. Dena den, paisaien interpretazio ugariak ez dira bilduma osatzen duten lan bakarrak; izan ere, Disderi & Ciek XIX. mendean zuri-beltzean ateratako erretratuak ere jaso dituzte.
«Lanak antolatzeko orduan, argazki kameren zooma izan da buruan eduki dudan ideia nagusia. Pandoraren kaxaren antzekoa da bilduma; irakurketa ugari onartzen ditu. Paisaia abiapuntutzat hartuta, liburuak zoom baten moduan egiten du salto Euskal Herritik mundura, eta alderantziz». Aranbururen esanetan, ondare kulturala jendearen eskura ipintzeko tresna da liburua, lan historikoak, biblikoak, kartografikoak eta artistikoak biltzen dituelako: «Paisaien garapena eta bilakaera erakusten dizkigute artistek, ederki jaso dituzte angelu guztietatik».
Ezaugarri komunik ez duten lanak lotzeko modua aurkitzea ez da erraza izan Aranbururentzat. «Material aberatsek osatutako bilduma hau kaleidoskopioen parekoa da. Mendeetan egindako lana azaltzea ez da xamurra; izan ere, garai askotarikoak daude: Txinako lehen paisaia margolariek eginiko lanak eta argazkilari garaikideek eginikoak. Dena den, irakurtzeko erraza den testua idazten saiatu naiz».
Donostiako Kontxako badia, Bilboko paisaia industriala, Hernani, Pasaia eta Bergara dira bilduman jasotako lanen egileek aukeratutako toki batzuk. Horrekin batera, Euskal Herriko mendi eta basoen inguruko margolanak ugariak dira, kolore biziekin eginak. Gainera, Italia, Frantzia eta Espainiako paraje ezagunek inspiratutako lanak ere jaso dituzte.
Begiekin bidaiatzeko
Paisaian oinarritutako artelanekin Euskal Herriko zein munduko txokoak jendeari hurbiltzea da bildumaren helburu nagusia. «Hemengo inguruetara gerturatzen gara lan hauekin. Begirada hori iraganetik orainera abiatzen da, eta lurraldeen balio estetikoa zein ardura soziala erakusten ditu».
Euskaraz gain, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz idatzita daude bildumako testuak.
Paisaiari lapurtutako artelanak
Ondare kulturaleko berrehun margolan, argazki eta eskultura jaso ditu Kutxak 'Plein Air' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu