Pamies: txakur batek bezala idaztea

Bere bederatzigarren ipuin bilduma argitaratu du Sergi Pamies idazle katalanak, 'A les dues seran les tres', eta, haren hitzetan, inoiz baino libreago jokatu du hura idazteko.

Sergi pamies idazlea. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Sergi pamies idazlea. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Ordu aldaketarekin lehertu egin da Sergi Pamies (Paris, 1960). «Erabat libre sentitzen naiz. Jadanik ez dut pertsonala, biografikoa edo asmatua denaren arteko mugarik, ez fantasiaren, irudimenaren eta kronikaren artekorik ere. Badira ipuin batzuk dietarioak izan daitezkeenak, eta beste batzuk iritzi artikulu izan zitezkeen. Ez dut esango denek zentzu bera dutenik, baina, neurri batean, familia dira guztiak. Senideak. Elkar ezagutzen dute». Pamiesek aspalditik darama ipuingile katalan esanguratsu eta berezienetako bat izatearen domina, eta eutsi egin dio haren zamari bere bederatzigarren ipuin bildumarekin: A las dues serán les tres (Ordu bietan hirurak izango dira). Paradoxikoki, ordea, betiko Pamies topatuko du irakurleak Pamiesen beraren ustez sekula ikusi gabekoa den Pamies horretan.

Txakur bihurtu dela azaldu zion El Periodico egunkariko Leticia Blanco kazetariari. «Zu eta biok orain Pedrerara bagoaz, txakur batekin, gu lerro zuzenean joango gara, baina txakurra ez: eskuinera joango da, gero atzera egingo du, arbola batean geratuko da... nahiz eta hark ere Pedreran bukatuko duen. Disgregazioak gorroto nituen, parentesiak, idazten hasi nintzenean oso adjektibo gutxi erabiltzen nituen, esaldi laburrak bakarrik. Neure burua erreprimitzen nuen, konbikzioz. Pentsatzen nuen: ez zara txakur bat. Baina orain, lortu egin dut: txakur bat naiz! Usnatu beharreko edozer usnatuko dut Pedrerara iristeko».

Guztira, hamar kontakizun biltzen ditu liburuak, baina ez da erabat egia. Multzotan bilduta daudelako haietako batzuk. Diptikoa osatzen du Egun historikoak izenekoak, esaterako; Francoren heriotzari lotutako oroitzapen bati buruzko kontakizunarekin lehenik, eta 2017ko Bartzelonako Rambletako atentatua ardatz duen ipuin bat idazteko asmo ustelarekin bigarrenik, semeak La Oreja De Van Gogh taldeak Madrilgo Martxoaren 11ko atentatuei eskainitako kantua gogoraraztean, etsi egiten baitu idazleak kolpean.

Idazle bizitza da liburuaren ardatzetako bat. Pamiesen bizitza ere bai, zehazkiago. Edo gutxi gorabehera. Ezin da erabat fio inoiz Pamiesekin.

Autobiografia bat kamuflatzen du, esaterako, bere gaztarotik hasi eta helduarora arte gitarra jotzearekin izan duen harremana kontatzen duen ipuinean, eta erbesteratu politiko esanguratsuak izan ziren bere gurasoen benetako biografiarekin nahasita doaz bertan datuak. Baina halakoen parean, badira tonu erabat errealistan kontatutako fantasia uneak ere. Idazlea urteetan bere aingeru guardakoa izan denarekin biltzen denean, esaterako. Aingeruari, zoritxarrez, minbizia topatu diotelako, eta, konfidentzialtasun protokoloa erabat hautsiz, ordezkorik ez duela izango aitortzen diolako, aldi berean, mesedez, adi ibiltzeko eskatuz.

Idazteari buruzko aforismoak

2012an, Iratxe Esnaola BERRIAko kritikariak Pamiesen obsesio eta konstanteen erretratu zorrotza egin zuen Gerardo Markuletak euskaratutako eta Txalaparta argitaletxeak argitaratutako Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu liburuari egindako kritikan. «Liburuko ipuinetan lehenengo pertsona narratzaileak dira nagusi. Egia da narratzaile gehienek antzekotasunak dituztela beren artean. Gizonak dira ia denak, gristasuna darie, bakar antzean daude eta ezer heroikorik ez egiteko borondate irmoa dute».

Eta antzera oraingoan ere. Betiko deslilura bera darielako Pamiesen ipuinei. Betiko umore eta ironia bera. Bai eta ohiko egoerei erreparatzeko betiko ikuspegi buruargi bera ere. Baina Pamiesek, oraingoan, inoiz baino irribarretsuago dirudi narratzailearen eta idazlearen arteko mugako arbolan eskegi duen zabuan joan-etorrian. Eta horrek guztiak eragin dezakeen fikzioaren eta errealitatearen arteko nahasmenduarekin plisti-plasta dabil idazlea jolasean.

Oso idazketa auto-kontzientea izan da Pamiesena hasieratik. Bai eta oraingoan ere. Eta, horregatik, ipuingintzari, edo orokorrean idazketari, buruzko aforismoz zipriztinduta daude liburuko kontakizunak.

Zera dio narratzaileak Egun historikoak izenburu pean bildutako oroitzapen itxurako bigarrenean, esaterako. «Badakit istorioa nola planteatu, baina ez nola bukatu. Hori da gutxi gorabehera helburua lortu ahal izateko neure buruari jartzea gustatzen zaidan baldintzetako bat. Argumentuaren osagai guztiak ezagutuz gero, nagia ematen dit lanean hasteak. Zirkuko fokari sardinak eragiten dion estimulu bera eragiten dit amaieraren indefinizioak».

Eta honako hau dakar liburua ixten duen diptiko modura antolatutako kontakizun bikoteak. «Ez dut asmorik segun eta zeinen eskuetan, azkenean, fikzio deliranteak izaten bukatzen duten benetako gertakarietan oinarritutako kontakizunen prestigioan babes hartzeko. Ez dut alter-egorik asmatuko ere: ni naiz protagonista, nahiz eta hain ni gaztea, ezen kalean harekin topo eginez gero, ez bainuke errekonozituko. Esaten dute organismoko zelula guztiak zazpi urtean behin berritzen direla, eta, beraz, nire orduko niak denbora izan du, gutxienez, bata bestearen ondoren, lau erreplikantetan berraragitzeko».

Barreneko erantzunak

1986an eman zuen argitara bere lehen ipuin bilduma: T'hauria de caure la cara de vergonya. Baina, 2006an, Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu izan zen Pamiesen izena zabaltzen lagundu zuen liburua, eta, egun, hori da euskaraz irakur daitekeen haren liburu oso bakarra ere. Haren beste hiru ipuin ere irakur daitezke, halere, Hobe kontatzen ez badidazu antologian. Quim Monzo, Imma Monso, Empar Moliner eta Frances Seres ipuingile katalanen lanekin batera topatuko ditu bertan irakurleak, Aritz Galarragak egindako hautaketari eta Gerardo Markuletak egindako itzulpenari esker.

Zehazki, Erosketa zerrenda, Zeta naturala ehuneko ehunean eta Biziraupena kontakizunak hautatu zituen Galarragak antologiarako. Eta azken horren hasiera adibide ona izan daiteke Pamiesen lanetan ohikotasunaren eta fantasiaren arteko muga zeinen erraz zeharka daitekeen azaltzeko. «Hainbeste aldiz gomendatu diote erantzunak bere barrenean bilatzeko non, halako egun batean, espedizio bat antolatzen baitu. Espeleologo kasko bat, aihotz bat, piolet bat eta mendigoizale soka batzuekin ekipaturik, zeharkaldiari ekiten dio. Lehen pausua da zailena».

Baina kasu. Pamiesek kazetaritzari buruzko ohar ezin ederragoa ere badakarrelako Hiru kazetari izeneko kontakizunean, eta ez delako komeni, beraz, Pamiesi buruz idazten dena eta Pamiesek idazten duena nahasterik. «Elkarrizketen kasuan, beti komeni da bere lagun Salvador Panikerren teorema aplikatzea: 'Elkarrizketatu guztiak geratzen dira elkarrizketatzailearen muga mentaletara murriztuta'».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.