Ikus-entzunezkoen itzulpen eredurik egokiena zein den gogoetatzera bultzatu nahi dute jendea Bikoizketa vs azpititulazioa-ren antolatzaileek, eta, zinemaren historia abiapuntu hartuta, oraindik ere zeresana sortzen duen eztabaida bati buruzko erakusketa apailatu dute Donostiako Okendo kultur etxean: zein da hobea, zinema bikoiztua ala jatorrizko bertsioan azpidatzia? Beraiek ere ez daukate erantzunik, nahiz eta, Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema unitateko buruak nabarmendu bezala, «beti jatorrizko bertsioen alde» egin duten.
Erakusketa «arinagoa» bihurtze aldera, ikus-entzunezko euskarriak erabilidituzte, film ezagunen zatiak eta gisakoak, hainbat irudi, grafiko eta testurekin batera. Denbora lerro baten bidez, zinemaren historiari begiratu bat egin diote, eta egunik esanguratsuenak tamaina handiagoan nabarmendu dituzte. Izan ere, zinema mutuaren garairako sortua zen eztabaida, tarteko tituluak zirela-eta lanak hizkuntza batetik bestera itzultzeko beharra baitzegoen. Ondorengo zinema soinudunaren hastapenen berri ematen du erakusketak, eta baita bertsio eleaniztunena ere. Halaber, ikus-entzunezko itzulpenaren berezitasunak ere argitu nahi ditu erakusketak, tartean dauden testu hutsetik haragoko faktore anitz aztertuz: irudien presentzia hutsa, ikusmenezko eta entzumenezko kanalen garrantzia, dialektoen arteko ñabardurak, eta beste. «Hamabost urte daramatzagu azpidatziekin lanean», azaldu duAlfredo Alvarez erakusketaren komisarioak, «eta ezkutukoa bezain ezinbestekoa den zeregina iruditzen zaigu. Horregatik antolatu dugu hau: itzulpenen inguruan historian izan den bilakaera kontatzeko».
Euskarazko zinemari ere erreparatu diote. Beltranek azaldu duenez, «euskal bikoizketaren historia ETBrenari loturik dago erabat». Telebistaren hastapenetan egungo garaietaraino, bikoizketa sustatzeko apustu irmoa egin dute, haren ustez, eta horren inguruan sortu dira ekoizpen etxe asko gerora. Espainiako kasuan, ostera, aipatu du «jatorrizko bertsioko filmik ematen ez dutela «justifikatzeko» esaten dela bikoizketa ona egiten dela. «Jatorrizko bertsioan ikusteak hizkuntzak ikasteko balio du, obra artistikoaren osotasuna hobeto errespetatzeaz gain. Baina egia da kalitate handiko bikoizketa egiten dutela, eta ahots batzuk aktoreak eurak baino ezagunagoak direla».
Dokumental baten emanaldia
Hilaren 25ean, Alfonso S. Suarezen Voces en imágenes dokumentala emango dute kultur etxean bertan. Espainiako bikoizketan aritzen direnei buruzkoa da, eta beren lanbideak dituen alde on eta txarrei buruz, egin behar diren esfortzuez, anekdotez, oroitzapenez eta abarrez. hitz egiten dute. Gisa berean, bikoizketako oinarrizko itaunak lantzen ditu: zenbateraino errespetatu behar den jatorrizkoa, zenbateraino sortu, eta halakoak. Amaitzean, eztabaida irekia egingo dute.
Pantailen bestaldekoa itzultzen
Bikoizketaren eta azpidatzien inguruko gogoeta piztu nahi duen erakusketa osatu dute Okendo kultur etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu