Otsailaren 29an hasi zen Paolo Giordano (Turin, Italia, 1982) Kutsaldian idazten, gaitzak herrialdea itxialdian sartzeko egun gutxi falta zirela. Pandemia indarrez zabalduz joan ahala, gogoetak biltzen segitu eta txatalez txatal osatu du liburua idazleak. COVID-19aren krisian ardaztutako lehen lana bihurtu da hala. Erein argitaletxeak plazaratuko du euskaraz, Xabier Olarraren eta Fernando Reyren itzulpenean, eta BERRIAk doan eskuratzeko modua emango du bi egunez: bihar, igandea, eta astelehenean. PDF eta EPub formatuetan deskargatu ahal izango da testua. Gaur aurrerapena argitaratu da.
Horrekin batera, egileari egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk: zerk eraman duen hain denbora laburrean gaiaren inguruan idaztera, zer antzeman duen alarma egoera global honen atzean, zer irakaspen utzi beharko dituen egoerak, eta hausnarrerako beste hari batzuk. Besteak beste, 2008ko Zenbaki lehenen bakardadea eleberriarengatik da ezaguna Giordano.