Esaten da 50eko hamarkada Frantziako modaren urrezko aroa dela. Badakigu Frantzia eta bereziki Paris XVII. mendeaz geroztik dela modaren hiriburua, eta, beraz, 50eko hamarkada bertako urrezko aroa dela esatea asko esatea da”. Gogoeta horrekin azaldu du Miren Arzalluz moda historialari eta adituak Bilboko Arte Ederren museoan zabaldutako erakusketaren garrantzia. Bera aritu da orain urte bete Parisko Palais Galliera museoan zabaldutako erakusketa Bilboko aretoetara moldatzen eta egokitzen, eta bera izan da jantziak museoko antzinako arteari eskainitako aretoetan antzinako artelanekin batera txertatzea erabaki duenetariko bat. Pozik erabakiarekin Olivier Saillard Palais Galliera museoko zuzendari eta Parisko erakusketako komisarioa: “Soinekoek ez dute inolako arazorik Zurbaranen ondoan egoteko”. Sasoi hartako Parisko goi jostungintzako 110 jantzi eta 80 apainagarri bildu dituzte, guztira, eta abuztuaren 31ra arte egongo dira zabalik.
Izen handiak daude erakusketan. Hadienetariko batzuk. Eta zerrendak eman dezake bildumaren mailaren neurria: Jacques Heim, Chanel, Schiaparelli, Balentziaga, Jacques Fath, Balmain, Christian Dior, Jaques Griffe, Hubert de Givenchy eta Pierre Cardin. Horiek, besteak beste. Goi mailako jostunak denak Saillardek zehaztu duenez. “Jostundegi finenetan eskuz egindakoak dira hemen dauden jantzi guztiak, eskuz brodatutakoak guztiak, bezero talde oso hautatu batentzat”. Edo laburrean esanda: “Hau da garaiko modaren erakusgarri gorena”.
Balentziagaren itzulera
Ez da Bilboko Arte Ederren Museoak modari eskaintzen dion lehen erakusketa. Cristobal Balentziagaren lanari atzera begirakoa eskaini zion orain urte batzuk, eta oraingoan ere getariarrak pisu berezia hartu du erakusketan. Saillard: “Izen handiak dira guztiak, eta hor dago Balentziaga ere. Hura hona ekartzea naturala da, eta omenaldi bat da Dior eta besteen ondoan erakstea”.
Aretoka dago antolatuta erakusketa. Christian Dior modagileari eskaini diote lehen aretoa, eguneko jantziak biltzen ditu bigarrenak, hondartzarako eta landa-ingururako jantziak daude hirugarrenean, barruko arropa eta lentzeria biltzen ditu laugarrenak, koktelerako soinekoak bosgarrenak eta gaueko jantziak daude seigarrenean. Eta azken horretan ikusi daitezke soinekorik artistikoenetariko batzuk. Informazio testuan dator azalpena: “Gaueko janzkien bitartez, moda sortzaile batzuk pintore inspiratu bilakatu ziren, eta beste batzuk aldiz iragankor denaren eskultore”.