Literatura. Elkarrizketa. Jesus Ferrero. Idazlea

«Pasio beharrezkoa da nartzisismoa»

Aspaldikoa du Ekialdeko kulturekiko interesa eta ezagutza Jesus Ferrerok, baina horri esker ikasitakoa aplikatzerakoan ez ditu inoiz Mendebaldeko kulturetako erreferentziak baztertu.

2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Zamoran (Espainia) jaio zen Jesus Ferrero (1952). Gipuzkoan pasa zuen haurtzaroa, Iruñean gaztaroa, eta, gerora, Europako hainbat hiritan bizi izan da: Parisen, Bartzelonan eta Madrilen, gehienbat. Bi dozenatik gora liburu idatzi ditu: ezagunenen artean Bélver Yin (1981), Las trece rosas (2003) eta Las experiencias del deseo. Eros y Misos (2009). Aste honetan Donostian izan da, bi hitzaldi ematen: Paisaia literarioaren eraikuntza eta Niaren eraikuntza eta nartzisismoa, nortasunaren eskola gisa.

«Eraikuntza» hitza errepikatu egiten da bi hitzaldiotako izenburuetan. Kasualitatez, edo biak lotuta doazelako?

Hitzaldi ezberdinak dira, baina eraikuntzari buruz gogoeta egin nahi izan dut bietan. Izan ere, eraikuntzaren argipean ikusten dut bizitza, eta garrantzi handia ematen diot norberaren ardurari. Lehenengo hitzaldian paisaia literarioa izan dut mintzagai, azken bi nobeletan Euskal Herria nola eraiki dudan azaltzeko. Nire ustez, nobela batean oso garrantzitsua da paisaiaren eraikuntza, ingurua bide gisa erabiltzen dudalako. Agertokia pertsonaien zerbitzura dago, haien sentimenduen mende. Hortaz, paisaia bera pertsonaia bat gehiago da nobelan. Eta ez da paisaia antropologikoa, ez kostunbrista, ezta errealista ere. Emozionala da. Hitz bitan, nire literatur teoria honako hau da: arrotza etxekotu, eta etxekoa arrotz bihurtu. Alde horretatik, nobeletan deskribatzen dudan Euskal Herriak badu arrotzetik zerbait; emozionalki arrotza da.

Zein oinarritatik eraikitzen da nia?

Labur esanda, bi gauzatan oinarritzen da: ispiluaren irudian, eta nik «auto-kontakizun» deitzen dudan horretan. Norberak bere bizitzari buruz egiten duen narrazioa da auto-kontakizuna, eta eragin izugarria dauka norberaren bizitzan. Yukio Mishimaren heriotza, adibidez, Nartzisoren mitoarekin lotzen dut, «bere irudiak xurgatu zuen» horrekin. Izan ere, ardura handia daukagu geure irudia eraikitzeko garaian. Sartrek zioen «infernua besteak dira», baina gaineratu behar zuen: «Baita ni ere».

Desioa konstante bat da zure lanean, baina Las experiencias del deseo saiakeran esplizituago egiten da.

Niretzat desioa dimentsio absolutua da, ez erlatiboa. Haragizko desioarekin lotu ohi dugu, baina kafe hau hartzea zer da? Gure bizitza zehazten duten mugimendu guztiak desioarenak dira. Alde horretatik, samsara hurbilago sentitzen dut psikoanalisia baino —neroni psikoanalisian hezia izan arren—. Desio oro da herio-desioa, psikoanalisiaren ustez. Baina, zertaz ari dira? Desioaren hedatze guztizkoa da bizitza, eta hiltzean ez dago desiorik, ez deus!

Era berean, Freuden oposizioa ukatzen dut: Eros eta Tanatos, maitasuna eta heriotza, ez dira aurkakoak. Ez dute inolako unitate dialektikorik osatzen. Maitasunak eta gorrotoak, Erosek eta Misosek, bai, dialektika osatzen dute. Greziarrentzat ere, benetako oposizioa erakartze eta aldaratze artean zegoen. Zera esatera iritsi ziren: desioak elkartzen dituela atomoak, eta desioak urruntzen. Greziarrek materian integratu zuten desioa, eta hori da nik saiakeran berreskuratu dudan gauzetariko bat.

Asko sinplifikatuz, esango genuke Mendebaldean bitasunak banatzen ditugula, eta Ekialdean batu egiten dituztela. Esan genezake zure saiakeran Ekialdeko filosofiak aplikatzen dituzula, Mendebaldeko erreferentziak erabiliz?

Bai, badu horretatik zerbait. Hori bai, ez dago begibistakoa izateko egina. Ekialdeko filosofia ugari dago liburuan, baina erabat destilatuta. Ia adibide guztiak Mendebaldekoak dira, baina egia esan, greziarrak oso orientalak ziren. Europa Asiaren luzapena baldin bada, zergatik erdibitzen dugu kontinentea? Ez dauka zentzurik. Begira, txinatarrek Mendebaldeko eredu bat egokitu zuten, marxismoa, eta hala bizi izan dira ehun urtez. Bélver Yin nobela idatzi nuenean, lekutan zegoen Txina. Azken urteotan asko hurbiltzen ari gara, eragin ikaragarria jasotzen dugu Japoniatik eta Txinatik.

Badirudi gaizki ikusia dagoela, baina hara zer diozun liburuan: «Nartzisismoa da izatearen esperientziarik arruntena, eta beharrezkoena».

Ez dakit gaizki ikusia dagoen, izan ere, gazteek erabat onartzen duten azaleko nartzisismoa indarrean dago. Gorputza gurtu egiten da inoiz ez bezala, «ni» merkea, merkezurrekoa. Nartzisismoari betidanik eraso izan diote, greziarrengandik hasita, niaren kultu horrengatik. Zergatik? Hantuste, harrokeria, ergelkeria eta halakoen jatorria delako. Baina aldi berean, bizitzako gauza garrantzitsuenetakoa dugu berau. Ze, ez badugu geure burua maite, nora goaz? Oscar Wildek zioen moduan: «Norberarekiko maitasuna da bizitza osoan irauten duen maitasun bakarra», kar-kar.

Nolanahi ere, edozein pasioren antzera, nartzisismoa hezi egin behar da, bezatu. Batek daki nora eraman zaitzakeen hezi gabeko pasio batek. Neurri batean, gure «ni»aren eraikuntzaren arduradun gara. Gurasoek zerikusi handia dute, mugatzen gaituen gizarte honek ere bai, baina baita guk geuk ere. Nartzisismoa da erregulatzen gaituena, geure burua zaindu arazten diguna zaintzen ez dugunean. Ohiko moraletik aldenduta ikusiz gero, guztiz pasio beharrezkoa da nartzisismoa. Are, zera esango nuke: hura gabe ezingo genuke geure izatea eraiki ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.