'A Jamaâ'

Pasoliniren arrastoa

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zuzendaria. Daud Aulad-Siad. Aktoreak. Abdelhadi Tuhratx, Butxra Hraitx, Mustapha Tahta. Herrialdea. Maroko-Frantzia. Iraupena. 85 min.

Gontzal Agote

Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Abbas Kiarostamik diptiko eder bat osatu zuen. Lehena, Zendegi va digar hich izan zen, lurrikara baten ondorengo kontaera. Hiru urte geroago, Zire darakhatan zeyton-ekin istorioari beste bira bat eman eta egindako filmaketa haren gaineko pelikula egin zuen, herriko biztanleak aktore bihurtuta. Metazinemaren poesia.

A Jammaâ-k oso antzeko abiapuntua du, Daud Aulad-Siad zuzendariak berak bere azken lanaren filmaketa lekua izan den herrixka bisitatuko baitu. Herritarrek hartu zuten parte filmaketan, denak daude kontent, bat izan ezik. Baina beste erpin da hemen, bere garaian Pier Paolo Pasolinik lur horietan beretan filmatu zuelako. Horixe da, hain zuzen, ustez alegiazkoa den filmaren izenburua, Pasolini.

Baina zinemaren barne tripetatik harago, bere xumetasunean A Jamaâ-k Marokoko gaurko errealitatearen kontu garrantzitsu bati begiratzen dio: erlijioari. Honelako film askorekin gertatzen den moduan, zaila da kritika edo sikiera hausnarketa gordinik egitea; honetan ere parabola baten bitartez eman beharko bere ikuspuntua zuzendariak.

Erlijioak eremu pribatuan duen esku-hartze gero eta handiagoa ikusten ahal da soro batean eraikitako alegiazko mezkita horren bitartez. Egun batetik bestera okupak dira lurraren jabeak, horiei aurre egiten inor ez da ausartuko.

Itxura kostunbrista baten pean, filmak beste gogoeta interesgarri batzuetarako atea zabalduko du; besteak beste, agintari erlijiosoen autoritatea eta prestakuntza, eta erlijioaren eta politikaren arteko aliantza betierekoa. Horretarako dituen baliabide eskasak artez erabiliko ditu zuzendariak, berriro ere argi utziz kontatzeko zerbait dagoenean ez dela aurrekontu erraldoirik behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.