Patricio Guzman Miarritzeko jaialdira etorriko da lehiakide gisa

Astelehenean hasiko den Latinoamerikako kulturaren jaialdia gomit bereziz josia da, tartean Luis Sepulveda

Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hemeretzigarren aldia du aurten Latinoamerikako kulturen Miarritzeko jaialdiak, baina atzo aurkezpenean azpimarratu zuten bezala, kasik badirudi hogeigarrena ospatzen ari dela jaialdia, ikusiz egitarauaren aberastasuna, bereziki aitzineko jaialdiei begira. Erakusketa, literatura, musika, fikzio, dokumental edo film labur, hainbat arlok osatzen duten ekitalditarako perla ezezagunak baino gehiago, balio seguruen hautua egin dute. Eta balio seguru horien bisita segurtatzeko indar berezia egin dute. Horien artean, Patricio Guzman zinemagileak Nostalgia de la Luz (Argiaren nostalgia) ekarriko du. Dokumentalen sailean lehiatuko da. Berlingo, Cannesko eta Torontoko zinema jaialdietan jada oihartzun ederrak izan ditu, eta oraingoan Miarritzeko epaimahaia izanen du begirale. Horien buru, Nicolas Philibert dokumental egile frantses famatua.

Guzmanen azken lan horrek, usaian bezala, Txilera eramanen du ikuslea. 3.000 metroko goratasuna duen Atacama basamortuan mundu osoko astronautek biltzeko ohitura daukate. Zerua hain gardena da non unibertsoaren urruneko puntuak ere zaintzeko aukera ematen baitu. Basamortu horretako lurra ere berezia da; hain lehorra da non momia, esploratzaile eta are diktadura garaiko gorpuen aztarnak kontserbatzen baititu. Astronautak zeruari so daudela, kamerak, horiez gain, emazte talde bat jarraitzen du. Horiek lurra inarrosten dabiltza, arbaso desagertuen bila. Heldu den astearte goizean aurkeztuko du lana Guzmanek. 12:30ean solastatzeko hitzordua izanen da, beti ere Kasinoan. Egunero izanen da eguerdian artistekin mintzatzeko aukera, hain justu.

Fikzioak ere ukanen du bere lehia, eta sail horretako epaimahaiburu Luis Sepulveda idazlea izanen dute. Aste osoko gomita. Epaile izateaz gain, idazle gisa La Sombra de lo que fuimos (Izan ginenaren itzala) eleberriaren frantsesezko itzulpena aurkeztuko du (Metailié) irailaren 30ean. Bezperan, aldiz, La mouette et le chat (Antxeta eta katua) animazioaz mintzatuko da, bere obran oinarritua baita. Nowhere (Nihon ere ez) filma ere ekarriko du Lapurdira. Gomitatu duten beste idazle nagusia Lucia Puenzo da, filmegile eta gidoi idazlea. Horren obrak inspiratu bi film ekarriko dituzte, baita artean XXY 2007ko film argentinarra ere. Beste gomit berezietan, fikzio sailean, Carlos Reygadas zinemagile mexikarra espero dute festibaleko antolatzaileek. Revolución filma ordezkatuko du. Lan kolektibo bat da fikzio hori, orotara Mexikoko hamar egilek osatu dutena. Aurten ehun urte beteko ditu Mexikoko iraultzak, eta orduko balioak eta borrokak gaurkoan zertan dauden galderei erantzuten ahalegintzen da 90 minutuko obra. Filmak jaialdia zabalduko du astelehenean.

Iraultzaren urteurrenak bezala, hainbat herriren independentziek aurten beteko dituzten 200 urteak ere beren lekua izanen dute jaialdian. Alabaina, independentziak lortzeko izan gerla eta iraultzei buruzko hamabost film aurkeztuko dituzte aste osoan.

Erakusketen aldetik, duela urtebete hil zuten Christian Poveda zinemagile eta argazkilaria, eta El Salvadorko hiriko gangei buruz egin lanaren karietara hartu zituen potretak ekarriko dituzte. Azpimarratzekoa da gauero zenbait musika taldek animatuko dutela Kasinoa, urririk. Informazio guztia jaialdiko web orrian dago eskuragai, www.festivaldebiarritz.com helbidean, frantsesez edo gaztelaniaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.