Komunikabideak

Patxi Huarteri, Librezaleri, Margotu Egunaki, Erlo Telebistari, Joseba Barandiarani eta Mikel Atxagari eman diete Argia saria

2009ko urtarrilaren 30a
18:15
Entzun
2009ko Argia Sariak banatu dira gaur. Ohi bezala, prentsa, irrati, telebista, publizitate eta Internet esparruko sariak eman dituzte, Merezimenduzko Sariarekin batera. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egin dute ekitaldia, Txitxardin Beltxa jatetxean.

Patxi Huarte Zaldiero BERRIA egunkariko eta Nabarra, Aizu!, Karrika eta Xabiroi aldizkarietako marrazkilariak Prentsa Idatziko Argia Saria jaso du. "Goizeroko irribarrea" dela eta haren gogoetek "kolpean harrapatu, eta pentsarazi" egiten dutela-eta eman diote saria. "Herri honetan parodiagile fina eta maisua" dela ere gaineratu dute Argiako kideek, eta "komiki-zintak kazetaritza generoa direla erakutsi" duela.

Librezalek eskuratu du Interneteko Sareko Argia Saria, "softwarearen bidez euskarari dimentsio globala" eman diolako.

Margotu Egunak, atez-ateko zabor bilketa sustatzeko Usurbilgo Udalak egin duen kanpainak erdietsi du Publizitateko Argia Saria. "Kanpaina oso bat" saritu nahi izan dute horrela, "izan duen eraginkortasunarengatik eta herritarren parte hartzea bultzatzeko egin duen ahaleginarengatik".

Erlo Telebistako Gure saltsan saioari eman diote Telebistako Argia Saria. "Gure herrian bizi diren etorkinen kulturak elkarrizketaren eremu intimoenetik, sukaldetik, nolakoak diren erakusteagatik" saritu dute.

Irratiko Argia Saria Joseba Barandiaranek jaso du, "Euskadi Irratian ekonomiaz egiten dituen analisiak oso argigarriak direlako, edozein entzulek erraz ulertzeko modukoak eta, era berean, sakonak eta zorrotzak".

Azkenik, Merezimenduzko Argia Saria Mikel Atxagari eman diote.

Argia Sariak banatuta, Argia aldizkariak bere90. urteurrena dela-eta urtean zehar egingo dituen ekitaldiei hasiera eman die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.