Italiako Poliziak Paul Haggis zinemagile kanadarra atxilotu du. Crash filmagatik 2006an film onenaren Oscar saria jaso zuen zuzendariari sexu-indarkeria delitu larria eta lesioak leporatzen dizkiote, Ostunin gazte atzerritar bat hainbat aldiz bortxatu duelakoan. Italiako herri horretan da behin-behinean Haggis, hilaren 21etik 26ra egitekoa den Allora Fest jaialdian parte hartzeko.
Brindisi probintziako fiskaltzak jakinarazi duenez, eta Italiako prentsak jaso duenez, hainbat alditan behartu du Haggisek gaztea bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera. Horien ostean, Brindisiko aireportura eraman du, eta han utzi du agerikoa izan arren ez zegoela egoera fisiko eta psikologiko onean.
Aireportuan, gertatutakoaren berri eman du neskak, eta Brindisiko ospitale batera eraman dute. Sexu erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute orduan. Emakumea hasieran oso nahasita zegoela jakinarazi dute, baina bere onera etorri denean salaketa jarri du. Orduan atxilotu dute Haggis.
Allora Fest jaialdian hitzaldi bat ematekoa zen Haggis, Edward Norton eta Michael Nozikekin batera.