Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko jaialdiak Pepa San Martin (Curico, Txile, 1974) zuzendariari emango dio aurten Ohorezko Saria. Antolatzaileen hitzetan, San Martinek «emakumeei dagokien espazioa eta ikusgarritasuna» aldarrikatzen ditu bere filmetan, eta jarrera «aitzindari eta konprometitu» hori aitortu nahi diote. La Ducha (2011) eta Gleisdreieck (2012) film laburrak zuzendu ostean, 2016an aurkeztu zuen bere lehen film luzea: Rara. Dozenaka filmetan hartu du parte, halaber, zuzendaritza laguntzaile gisa.
Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, "zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen ditu San Martinek. Bere filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean".
Zinegoak 2020ko Ohorezko Saria otsailaren 24an jasoko du zinemagileak, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio galan. Bezperan, Rara bere filma proiektatuko dute, 19:00etan, BBK Aretoan. Horrez gain, otsailaren 26an eskola magistral bat emango du San Martinek Euskal Herriko Zinema Eskolan, Bilbon.