Onerako eta txarrerako, 80ko hamarkadaren amaieran rockaren eta poparen sektore alternatiboetan gertatutako iraultzak zakarrontzira bidali zituen, defentsarako eskubiderik gabe, urte batzuk lehenago sektore horiek hain sutsuki errefusatzen ez zituzten musika batzuk. Grunge-aren eta, batik bat, lo-fi soinuaren garaipenarekin, gaizki ikusiak ere izan ziren zenbait musika molde. Garbitasunari eta dotoreziari garrantzia ematen ziotenak. Perfekzio formala bilatzen zutenak.
Dan Bejarrek (The New Pornographers) urteak daramatza bere bide propioa egiten Destroyer izenpean, perfekzioa bilatzen nolabait esatearren. Dagoeneko bederatzi disko ditu grabatuak, tartean Your Blues (2004) eta Destroyer's Rubies (2006) ederrak, David Bowieren irakaspenak pop barnerakoiaren eta ukitu elektronikoekin gaurkotzeko ahaleginak. Eta Kaputt bide horren amaiera gisa uler liteke, edo beste baten hasiera gisa. Aurreko lanetatik datozen elementuak baititu —ahots berezi hori—, baina, era berean, guztiz ezberdina delako.
Izan ere, lehen parrafoan esan bezala, Kaputt-ek 80ko hamarkadaren hasieran indarra hartu zuen soft-poparen arrastoak ditu, eta ez da zaila, adibidez, Avalon diskoko Roxy Music-ez edota Prefab Sprout-en Jordan: the comeback liluragarriaz gogoratzea Kaputt kantua entzutean: harmonia goxoak, saxo bigun eta estandarizatuak, erritmo elektronikoak… izan liteke 80ko hamarkadaren okerrena gogora ekar lezakeen kantua, baina funtzionatzen du. Eta nola funtzionatu.
Kaputt-en, Bejar jazz-poparen eta soularen berotasunaz kutsatu da, Marvin Gayerengandik nahiz Saderengandik edanez —Simply Red aipatuko dute beste batzuek—. Twin Shadowk bezala, soula eginez soularen jantziak erabili gabe (Song for America). Eta irabazle atera da, Chinatown, Blue Eyes eta Suicide Demo For Kara Walker, besteak beste, pop kantu bikainak direlako. Dotoreak azalean, eta ematen dutena baino konplexuagoak eta lirikoki aberatsak sakonean. Baita Pet Shop Boysek bezala, malenkonia dantzarako tresna bihurtzen duenean ere (Bay of Pigs).
Hain gutxietsiak izan diren musika moldeetara itzuliz, Kaputt-ek erakusten du Bejarren kantuak egiteko talentu itzela. Hor zegoela jakinda ere, orain arte hain agerikoa ez zen talentua.
Musika. DESTROYER.Diskoa:'Kaputt'.Diskoetxea:Merge.
Perfekzioaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu