Guztia Bolero-tik hasi zen. Katia eta Marielle Labeque ahizpa pianistek eta Thierry Biskari eta Paxkal Indo txalapartariek elkarrekin lan egin zuten Maurice Ravelen obra zuzenean emateko. Aro hori bururatu bazen ere, batzuetan gertatzen den bezala, zerbait gelditu zen harreman hartatik. Bikote txalapartaria hirukote bihurtu zen, eta Kalakan sortu. Jamixel Bereau dute hirugarren kidea. Txalapartaz gain, beste tresna batzuk ere erabiltzen ditu taldeak, baita ahotsak ere.
Elkarlanez elkarlan, taldearen izena dakarren Kalakan diskoa atera berri dute. ZTK (Zimako Talde Koordinakuntza) elkartearen eta Labeque ahizpen KML Recordings-en arteko produkzio bat da. Zehazki, Euskal Herrian grabaketa lanak egin dituzte, eta Parisen gainerateko guztia, David Chalmin produktorearekin. Elkarlan horri esker, Europan gaindi ibiltzeko aukera izateaz gain, diskoaren salmenta guneak ere ugaldu dira. Eta hori, diskoaren gaur egungo egoera kaskarra ikusirik, eskertzekoa da, Paxkal Indoren irudiko. Diskoaren produkzioa baino haratago, Labeque ahizpek diete diskoaren edukiaren ideia eman, euskal kantu tradizioarekin egitekoarena. Neure andrea, Sagarra jo!, De Trevilles-n azken hitzak, Kantuz, Haurtxo ttipia, Txori erresiñula eta bestejaso dituzte.
Berez, ez zutela kantu tradizionalekin zerbait egiteko asmorik aitortu du Paxkal Indok. «Gu rocketik gatoz. Konbentzituak gaude hoberena etortzekoa dela. Labeque ahizpak, aldiz, klasikotik datoz. Aspaldiko doinuak dituzte jotzen», azaldu du Ttakun taldeko kide ohiak. Ahizpek zieten gomendatu, aspaldiko horretan badela zer edan, hain justu. «Dena dago hor, erran ziguten». Eta horrek zituen konbentzitu. Dena dagoela herri kantuan, argi dute ahizpek. «Interpretazioari esker dira bizi aspaldiko soinu horiek. Igor Stravinskiri, nahiz eta hark ukatu, Ezteiak idaztea ezinezkoa eginen zitzaion Errusiako folklorerik gabe», adierazi du Katia Labequek. Euskal kantuaren materiala biziki aberatsa dela deritzo, «eta daukaten kultura musikalari esker bereganatu dezakete beste batzuei emateko», gaineratu du Kalakan-eko kideei buruz. Rockaren kultura, baita punkarena ere, entzun daiteke diskoan, Indok dioenez. Nahiz eta berez aski biluzia den soinua, elektrizitaterik gabekoa, nolabait erraiteko. Kantuz abestian, gainera, ahizpen pianoa entzun daiteke.
Diskoaz aparte, zuzenekoak egiten segitzen du hirukoteak. Urtarrilaren 15ean egingo dute hurrengoa, Euskal Herriko Laborantza Ganbaran, Ainhize Monjolosen.
Perkusio kantariak
Kalakan taldeak kantu tradizionalen interpretazio berri bat proposatzen duen diskoa kaleratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu