Egilea: Karlos Linazasoro.
Ilustrazioak: Maite Gurrutxaga. Argitaletxea: Alberdania.
Olerki labur eta zirtoak, esaerak, aforismoak, bai eta ditxoak, ateraldiak eta bat-batekoak ere; horiek denak bildu ditu Linazasorok 80 orrialde justuko krispeta ontzi-liburu honetan. Bere aurrekoak —Zein beste mundukoa (2008) eta Hamabi titare (1999)— baino are jolastiagoa da, izenburutik hasita, Bat-batean, krispetak.
Gaika antolatutako bederatzi atal ditu «kamioa / nagiak ateratzen: / bidegurutzea» moduko esaera iradokitzailez beteak, eta liburuaren amaieran parabola moduko ipuin bat dago, hurrenkeran hamargarren atalarena egiten duena.
Olerkiek hartzen dituzten berrogeita hamar orrialdeak ausaz zabaldu eta irakurtzeko eginak dirudite: «Olerkia: hitz ttikiekin egiten den odolkia».
Ezinbestean batzuk Zein beste mundukoa lanaren ildoa iradokitzen dute: «Ari du, ari du / labetik atera berria, / elur txuri-txuria»; baina gehienek norabide desberdineko lan bat dela erakusten dute, umorez betea, irudimenaren eta hizkuntzaren jolasaren bidez eragiten duena irakurlearengan: «Tai gabe, ez dago tai-chirik», orriz orri, probokazio nekaezina dena: «Uda bete: / tomateak alerta gorrian / daude».
Bistan da on direla irakurketa isila zein ozena egiteko, eskolakoa bezala familiartekoa ere.
Aldiz, eranskin gisara dagoen ipuina, Gartzeain, beste parametro batzuetako irakurketa eskatzen duena lana da. Parabola bidez botereari kritika egiten zaio, ezkerreko literaturaren sintonian, errepikapenean oinarritutako egitura batean josita. •
Literatura. Haur eta gazte literatura. 'BAT-BATEAN , KRISPETAK'
Perpausoka dabilen esakune txoroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu