«Perspektibak alda ditzake nik euskal koru batekin kantatzeak»

Angelique Kidjo artistak Black & Basque jaialdian kantatuko du gaur Baionan, festibalaren bigarren egunaren karietaraBaionako Haiz'Egoak abesbatzarekin pare bat kantu emanen ditu Beningo kantariak

Angelique Kidjo eta Haiz'Egoak taldeko kide batzuk, gaur elkarrekin emanen dituzten kantuak errepikatzen, atzo, Haiz'Egoak-en peñan, Baionan. N.ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
«Ezberdintasunak ospatu behar dira», dio Angelique Kidjok. Titular interesgarria, agian, Baionako Black & Basque jaialdiaren lehen aldiarekin, duen izenburuaren haritik, lotzeko ezin egokiagoa. Gainera, teoriatik praktikara, Kidjo Baionako Haiz'Egoa koruarekin errepikatzen iragan zuen atzoko egunaren parte nagusia, gaurko kontzerturako sorpresak prestatzen. 22:30ean ariko dira Poterne baratze publikoan, pare bat kantu eginen baitituzte elkarrekin. Koruan hogei bat gizon izanen dira.

Emazte beltz afrikar bat, gizon zuriek inguraturik, denak kantari, dena maitasun. Lehen begi ukaldian, argazkiak irakurketa polita eskain dezake. Baina argazkia makurra ere izan daiteke. Laster eror daitekeelako World Music kategoria asmatuko aurreiritziz betea den hizkuntzan. Betiko diskurtso horiek, behin karrakatu eta errauts bihurtzen direnak, diru, botere eta geopolitika kontuak agerian uzteko.

Hemen, alta, ezin horretara mugatu Kidjo. Hori baino gehiago badela argi uzten baitu artistak, ezagutu eta lehen segundoan. Duen indarragatik, naturaltasunagatik, historiagatik eta dioenarengatik. Beninen sortu zen, Beninek independentzia lortu baino bi egun lehenago, uztailaren 14an. Iraultza egun batez, «iraultzailea» hori bai, baina musikaren bidez. Gaur egun New Yorken bizi da, nahiz eta Frantzian ere aingurak izan, frantses batekin ezkondua baita, besteak beste. Grammy sariak irabazirik, kontzertuz kontzertu mundu osoan ibilki, dela Hego Afrikan munduko futbol kopan, dela AEBetan Obamaren alde edo beste hainbat lekutan bakearen alde... Ilea moztu, eta horiz tindatzeko erabakia har dezakeen andere kantari indartsu bat, ideiak garbi: «Ilea horia daukat, eta harro nago!», dio, irriz karkailaka. Higatuak diruditen hitzak berriz biziarazteko gaitasuna dauka. Funtsean, World Music hitzek hura bera jartzen dute zainetan. Arrazistak direla dio: «World Music saileko musika egiten badut nik, erran nahi du nik, afrikar gisa, neure esku dudala mundua? Eta beste artistak nondik datoz? Ez du zentzurik. Miriam Makebarekin hitz egin izan dugu horretaz. Hitz hori bulego batean astapito batek zuela asmatu zioen hark. Hirugarren munduko musika zuela gogoan, baina hori ez zenez politika zuzena, hirugarren hori kendu zuela zioen Makebak». Kolonialismoaren arrastoak: «Kolonizatzaileen hizkuntzetan kantatzen ez dutenak, dela ingelesez, dela frantsesez, dela portugesez, dela gaztelaniaz, World Music sailean sartzen dira. Eta nork erabaki du hori? Kolonizatzaileek. Kolonialismoa bururatua da!». Horiek argiturik, Haiz'Egoak koruarekin prestatzen ari den lanaz hitz egin daiteke lasaiago, agian.

Oinarrian, fandango bat

Kidjok aspaldiko lotura bitxia dauka Euskal Herriarekin. Sei urte zituela entzun zuen lehen aldiz Euskal Herriaz mintzatzen, amaren antzerki taldean: «Antzerki denboran, ballet jarri nahi zuen. Eta orduan hasi nintzen kantatzen Fandango du Pays Basque». Luis Marianok kantatzen zuena 1969an: «Ez nuen fitsik konprenitzen. Kantu ederra eta dantza ederrak, besterik gabe. Eta geroago ikasi nuen kantatzen nuena ez zela gezurra. Euskal Herri bat bazegoela Frantzian, eta baita Espainian ere». Horiek horrela, gogotsu etorri da Black & Basque jaialdira, gogotsu onartu du gazama izatea, eta gogotsu kantatzen du koruarekin. Jadanik kantatu izan du Bulgariako kantariekin, baita korsikarrekin ere. Zoriona lortzeraino: «Kantatzen dugularik, larru koloreek, hizkuntzek, ez dute gehiago garrantzirik. Musikak ematen digun indarrak publikoan dagoen pertsona bakoitza hunkitzeko aukera ematen digu». Kidjoren kasuan, «mundu osokoen ahotsetan Afrika» du aurkitzen.

Euskal kantuetatik Beninera

Afrika? Euskal kantuek bere herriko iparraldeko kantuak oroitarazten dizkiote: «Harmonia bitxi horiek. Batzuek ezin dituzte ulertu. Ez bazaude barnean, ez duzu ulertzen, ez baitira denetan entzuten diren harmoniak. Erantzunetan erantzunak daudelako. Ahots bat gune berezi batetik jalgitzen dela, nondik jalgitzen den galdekatzen duzu zeure burua, eta, aldi berean, ahots horrek beste ahots guztiak lotzen ditu».

Gizonen ahotsek emaztearen ahotsari «femeninoa izateko aukera» ematen diote. «Emazteen koruetan gerla da, bakoitzak bestea baino ozenago kantatu nahi du. Alta, kantatzea ez da lehiaketa bat. Kantua eskaintza bat da». Trukea sortzea garrantzitsua zaio: «Musika horri bihotza zabalduz gero, indartsuago sentituko da publikoa. Hori erakutsi behar da. Hori da musikaren indarra. Eta horretaz dira beldur boterean diren gizonak. Musikak herritarren eguneroko bizitzan sartzeko eta eraldatzeko boterea dauka».

Gaur Haiz'Egoak abesbatzarekin eskainiko duena entzuleen baitan geldituko dela espero du: «Hemen, jendeak bere kulturarekin daukan harremana dela eta, haien perspektiba alda ditzake nik euskal koru batekin kantatzeak». Euskal kulturak ere «besteak ezagutzeko eta besteei egokitzeko aukerak» eman ditzakeela deritzo, «norberak bere nortasuna atxikiz. Eta hori dute ikusi behar jendeek. Ezberdintasunak aipatzen dituzten politikarien manipulazioa» geldi dezaten: «Ez gara hain ezberdin».

Ez gara hain ezberdin, eta, aldi berean, hasieran erran bezala, «ezberdintasunak ospatu behar». Guztia ñabardura kontua da, menturaz. Titular eta argazki bat baino haratago joatera behartzen duena. «Denak ezberdinak, eta, aldi berean, arraza bakarrekoak, humanoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.