Egilea prentsan argitaratzeko asmoz idazten hasi zen artikulu labur batzuetan du jatorria Lorea Gernika, andrazko bat nobela argitaratu berriak (Susa), Koldo Izagirrek gaur azaldu duenez. “Lorea Gernika, andrazko bat honetan ageri diren pasarte asko prentsarako txatal moduan pentsatuak neuzkan astean behingo kolaborazio bat egiteko. Idazten jarri eta luzera gabe pertsonaia nagusitu zitzaion anekdotari. Gero eta garapen handiagoa eskatu zidan andrazko honek. Ezinezkoa egin zitzaidan prentsak derrigor behar duen karaktere kopuru zehatz eta murritzera mugatzea”.
Nobela osoan hara eta hona, orain han eta gero hemen, dabilen emakumea da Lorea Gernika, adinean aski aurreratua eta baliabide ekonomikoz autonomia osoz bizitzeko lain hornitua, seme eta errainengandik iheska bilobekin ondo moldatzen dena. Liburuak Lorea Gernikaren 53 pasadizo edo kapitulu biltzen ditu, eta horietako edozeinetatik has daiteke irakurtzen, denak autonomoak baitira, beste testuinguruik gabe pieza oso gisa funtzionatzen dutenak. Baina bada liburu osoa hasieratik amaierara “josten duen hari mehe bat” ere. Izagirrek ez daki liburua nobela bat den edo ez, eta ez zaizkio axola gisa horretako “eztabaida akademikoak”. Baina onartu du nobelatzat hartzea, Gorka Arrese editoreak hala izendatu duelako.
Liburuan, Lorea Gernikak “ez du helburu jakinik”, Izagirrek azaldu duenez. “Ondorioz, ez dago nobela beltzean edo nobela zurian hain funtsezkoa den intrigarik. Bere ibiliak ez dira ezer lortzeko, lehen inpresio batean behintzat. Ibili horietan, ordea, istripuak sortzen zaizkio, gutiz gehienak halakorik bilatu gabe. Lorea Gernikak topatzen dituen eta sortzen dituen traba eta arazo hauek dira bere nortasuna moldatzen dutenak”.
“Lorea Gernikak ez dauka ez diskurtsorik ez pentsamendu egituraturik”, azaldu du egileak. “Hauxe da gakoetarik bat. Baina deusetaz pentsatu ezinean ageri da hasieran, eta azkazalek sortu dioten gogoeta egiten du amaieran. Garapen bat izan du protagonistak liburuan barrena, eta kontziente da horretaz. 'Ikasi dut ', aitortzen du azkenik, ez zekienaren jabe egin da. Hori da bere abentura”.
Pentsamendu egituraturik gabe, “zentzumenen bidez ulertzen du mundua" Lorea Gernikak. “Hunkibera dela errangabe doa beraz. Hau garrantzi handiko kontua da. Ohartu zaretenez, zentzumenetik ulertzera kondenatu dut andrazkoa. Horrelaxe irudikatzen zuten XIX eta XX. mendean ere gizonezkoek emakumeen literatura: zentzumenen literatura, histeriazko literatura. Garuna gizonezkoen jabego pribatua zelako”. Nahita kokatu du egileak pertsonaia “topiko horretan”, eta horrek “borroka bat azaltzeko” balio izan dio. “Emakumezkotasunaren topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau”.