Literaturako Nobel saria eskuratzeko hautagai betierekoa zen Philip Roth (Newark, AEB, 1933), urtero-urtero agertzen diren zerrrendetan agertzen zen izenetako bat. Ez zuen lortu sari preziatua, baina aspaldi eskuratuak zituen oihartzuna eta prestigioa letren munduan. Bart hil da idazle estatubatuarra, 85 urterekin.
Judu sendi batean jaioa zen, eta haren lanak beti izan zuen kutsu autobiografiko nabarmena, eta berak ikusi eta bizi izandakoaren inguruan idatzi zuen sarritan. Goodbye Columbus (1959) eleberriarekin estreinatu zen, eta gerora iritsi ziren When She Was Good (1964) eta Portnoy's Complaint (1969) arrakastatsu bezain polemikoa. Bere ingurune sozial eta politikoaz kezkatuta, Richard Nixon AEBetako presidentearen kontra egin zuen Our Gang (1971) lanaren bitartez, eta Zuckerman pertsonaiari eskaini zizkion bere lanetako batzuk: The Ghost Writer (1979), Zuckerman Unbound (1981), The Anatomy Lesson (1983) eta The Prague Orgy (1985).
Euskaraz Rothen bi lan irakur daitezke, biak ala biak Meetok argitaletxeak argitaratutakoak: Suminez (2009), Nagore Tolosak itzulia; eta Nemesis (2011), Beñat Sarasolak euskaratua.
American Pastoral lanarekin Pulitzer saria irabazi zuen.