Atenasko Arte Galeria Nazionalak atzo arratsaldean artean ez zuen baieztaturik, baina To Vima agerkari greziarrak jakitera eman zuenez, Pablo Picassok 1934an margoturiko Emakume burua obra lapurtu zuten atzo.
Polizi iturrietan oinarrituta, hedabide greziarrek baieztatu dute museoan sartu zirela larrialdi ate bat bortxatuta, eta Picassoren obra lapurtu zutela. Picassorenaz gain, Piet Mondrianen (1872-1973) Errota eguzkitan ere atzeman omen zuten lapurrek; To Vima egunkariak dioenez, «pintore holandar oso ezagun» baten obra lapurtu dute. Beste zenbait agerkarik adierazi dutenez, beste artelan bat ere ostu zuten lapurrek, balio gutxiagokoa.
Pablo Picassok 1934an margotu zuen Emakume burua. Oihal gaineko olioa bat da, 56 zentimetro zabal eta 40 zentimetro luze, eta, itxura batean, margolariak berak 1939. urtean eman zion Atenasko museoari. Museo horrek XIX. eta XX. mendeetako arte greziarreko lanak erakusten ditu batez ere. Atzo, hain zuzen ere, Europako hainbat margolari ezagunen lanez osaturiko erakusketa itxi zuten; Duerer eta Rembrandten lanak ikus zitezkeen, besteak beste.
Picassoren 'Emakume burua' margolana lapurtu dute Atenasen
Greziako Galeria Nazionalean zegoen 1940az geroztik; sei urte lehenago margotu zuen artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu