Gernikako Udalak Pablo Picassoren Gernika margolana herrira itzultzeko aldarrikatuko du datorren larunbatean, margolana Cason del Buen Retirora eraman zutela 30 urte betetzen direnean.
Udalak jakinarazi duenez margolanaren lekualdatzea aldarrikatzeko ekitaldi bat antolatu dute larunbaterako. Horretaz gain, jadanik 15.400 pertsona baino gehiagok eman dute sinadura margolana Gernikan erakusgai jartzearen alde Udalak internet bidez abiarazitako kanpainan; ekimen hau datorren urtean amaituko da, margolanak irudikatzen duen bonbardeoak 75 urte betetzen dituenean.
Espainiako Senatuko Kultura Batzordeak baztertu egin du EAJk Gernika Euskal Herrira ekartzeko egindako eskaria. Senatuak Reina Sofia museoaren arautzan inguruko lege bat eztabaidatu du eta jeltzaleek margolanaren inguruko zuzenketa aurkeztu diote proposamenari. Esan bezala, ordea, zuzenketak ez du aurrera egin, 22 boto izan ditu aurka eta hiru alde.