Eszena erromantiko zehatz bat maite zuen Elias Garraldak (Lesaka, 1926-Olot, Herrialde Katalanak, 2012). Pintzelak hartu, astoa paisaiaren erdian jarri, eta hori pintatzen duen margolariarena. Hori atsegin zuen berak, eta hori egin zuen beti. Pintzelak lehortu zitzaizkion arte. Joan den martxoaren 6an hil zen, Oloten. Baziren 65 urte han bizi zela.
Lesakan jaio zen, baina, hark esaten zuenez, Nafarroatik bota zituzten Espainiako Gerra hasi zenean. «Nire aita ez zen politikoki ezaguna. Baina bazen uste osoko demokrata, errepublikano liberala. Maisua zen, eta garrantzi handiagoa ematen zion irakasteari, gurutze, bandera eta halakoei baino. Eta hori ez zitzaien gustatzen irabazleei...». Beraz, erbestera. Aurrena Frantziara, eta gero, gerra amaitutakoan, Kataluniara, Olotera, Pirinioen altzora. Han topatu zuen margotzeko toki egokia; baita giro kultural jakin bat ere. Halare, gustatzen zitzaion tarteka jaioterrira itzultzea. Paisaia bukolikoak margotzera. Iaz egin zuen azken erakusketa Iruñean. Kanpora margotzera irteten uzten ez bazioten hil egingo zela esaten zuen... •
Hilberria. Elias Garralda
Pintzelak lehortu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu