Festa handia egin dute gaur goizean Pirritxek eta Porrotxek Aiako eta Zarauzko umeekin eta beste hainbat lagunekin batera, Zarauzko hondartzako malekoian. Beren disko eta liburu berria aurkeztu dituzte festa horretan.
Nerearen argazki-albuma da aurkeztu duten liburu berria. Pirritxek eta Porrotxek oparitutako argazki album bat betetzen ari den bitartean, bere gurasoak bananduta daudela kontatuko du, besteak beste, Nereak, Mitxel Muruak idatzitako liburuan.
Bestalde, diskoa ere aurkeztu dute: Mari Motots. Euskal Herriko parke bateko zakarrontzian bizi den neskatila da Mari Motots, eta haren nahiz bere amaren kontuak batzen dituzte diskoan. Bi emakume horien aitzakian, pobreziaren, lurraren eta ingurugiroaren gaiak jorratu dituzte, "kolore askotariko doinuak eta mezuak" bilduz.
'Sarri'-rentzat, itsasotik
Disko horretan dauden 17 abestietatik hiru Joseba Sarrionaindia Sarri-ren hitzekin osatu dituzte. Pirritxek eta Porrotxek haurrei azaldu die Sarri Euskal Herritik joatera behartuta zegoenez, joan egin zela, eta inork ez dakiela non dagoen. Hitzak itsasoz iritsi zitzaizkiela azaldu diete pailazoek, botila baten barruan. Beraz, odolkiak ordainetan eman nahi izan dizkie. Botila handi batean diskoa eta liburua sartu dituzte, haurrek egindako marrazki batzuekin batera, eta hura itsasora bota du Oier Illarramendi surflariak, Sarrik jaso dezan. Haurrek katalejoekin ikusi dute, botila nola urruntzen zen.
Aurkezpenean zen Sarriren ama, eta haurrek gustura asko abestu diote bere semeak idatzitako hitzekin osatutako Zuri, amatxo abestia.
Festa handia izan da, eta han ziren diskoan parte hartu duten hainbat lagun ere: Su ta Gar taldeko abeslari Aitor Gorosabel, Jon Maia bertsolaria, eta beste hainbat.
Liburu eta disko aurkezpena
Pirritxek eta Porrotxek disko eta liburu berria aurkeztu dituzte, festa handian
'Nerearen argazki-albuma' liburuan, banandutako gurasoak dituen neska baten istorioa kontatzen da; eta 'Mari Motots' diskoa, parke bateko zakarrontzian bizi diren ama-alabez ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu