Anitz gauza esan eta idatzi dira Espainia aldean azken asteotan Alfaguara argitaletxeak argitaratutako Agustin Fernandez Malloren El hacedor (de Borges), Remake liburuaz. Gurean ere bai, bat edo beste. Idazlan horretan autore galiziarrak izenburu bereko Borgesen liburuan oinarritutako berridazketa bat egiten du, nolabaiteko omenaldi gisa. Idazle argentinarraren alargun Maria Kodamari ez omen zaio batere gustatu emaitza, plagiotik gertuegi dagoelakoan (hobeto esanda, Maria Kodamaren abokatuei ez zaie gustatu, alargunak Fernandez Malloren liburua ez duela irakurri aitortu baitu), eta Alfaguara argitaletxeak liburua dendetatik erretiratzea lortu du.
Ez dakit Maria Kodamak Borgesen lan guztiak eta hauek inspiratu zituzten obrak irakurri dituen. Badirudi ezetz. Beharbada ahaztu egin zaio bere senar zenak orain dela hirurogeita hamar bat urte idatzitako Pierre Menard, autor del Quijote ipuina, bat aipatzearren. Edo okerrago dena, ez zuen zipitzik ere ulertu leitu zuenean. Bertan idazle batek Cervantesen obra famatuena hitzez hitz kopiatzen du, baina, hiperbole ironiko baten bidez, ipuineko narratzaileak obra guztiz ezberdintzat jotzen du emaitza, garai ezberdinetan eta testuinguru diferenteetan «idatzia» izateagatik.
Borgesi buruz plagioaren maisua dela esan izan da. «Sasi-plagioa» nahiago nuke esan. Gugandik gertuago Atxaga ere ibili da askotan bide horietatik, hala teorian nola praxian, eta hark bezala idazle gazteago askok berdin egiten dute, gero eta gehiago, postmodernitate honetan hain ohikoa bihurtu den bezala. Egia esan, postmodernitate guztia iruditzen zait remake etengabe bat. Literaturan batez ere. Modernitate erradikalaren bolada amaitu ondoren, Erromantizismoaren aurreko garaian bezala geundeke, zeinean inspirazioa beste autore batzuengan bilatzea modu laxoagoan onartzen baita. Alde horretatik begiratuta, Borges bera moderno postmoderno bat izan zen, edo nire lagun batek esango lukeen bezala, kripto-postmoderno bat.
Orduan, non dago besteen lanetan bilatzen den inspirazioaren eta benetako plagioaren arteko muga? Agian Joseph Conraden itzalezko marra bezain lausoa da batzuentzat, baina hori baino garbiagoa delakoan nago. Plagioa ukaezina da autore baten obra bat edo zatiren bat norbaitek bere izenean argitaratzean nori kopiatu dion ezkutatzen duenean. Borgesen eta Fernandez Malloren liburuak ikusi ondoren, bistan da izenburutik beretik hasita aipatzen duela idazle galiziarrak idazle argentinarraren izena, honen teoria zein praxia batera imitatuz omenaldi garbi batean. Fernandez Mallok batzuetan esaldi osoak hartzen ditu Borgesen liburutik, baina gure garaiko osagarri asko ere tartekatzen ditu, jolas nabarmenean google, youtube, bideoak eta abar sartuz, hala nola bere mitoak, pentsamendu pertsonalak eta artista miretsiak, denak arrago batean nahasita. Beste batzuetan, ordea, istorio ezberdinak sortzen ditu. Baina beharbada idazle galiziarrak, bere liburua idazten hasi aurretik, Maria Kodamari baimena eskatu beharko ziokeen, gauza jakina baita askoz problematikoagoak direla honelako kasuetan oinordekoak autoreak berak baino.
Anjel Lertxundik gaiari eskaini zion artikuluan bere buruari galdetzen zion zer esaten ariko ote zen Borges bere hilobian. Orain dela egun batzuk Genevako Plainpalais kanposantura joan nintzen, Borgesen tonbaraino, maisuak zein iritzi zuen galdetzera, eta hauxe baino ez zidan erantzun: Agustín Fernández Mallo, autor de 'El hacedor'.
Literatura. Hirudia
Plagioak eta omenaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu