Plathen eta Plathi buruzko aipu batzuk

2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Sylvia Plath irakurtzea bezala, Sylvia Plathi buruz irakurtzea ere esaldi bortitzekin egiteko arriskua duen jarduna da. Hona hemen adibide bakan batzuk:

«Bere arrangurarik sakonenak ikertzen dituen burua da, beharbada, arteak gaur egun eskain diezagukeen ispilu bakarra, eta oso litekeena da maitasunaren eta bizitzaren balioak ukatzen dituen mundu batean askatasun ekimen bakarra, hain zuzen ere, heriotza izatea».

• Anne Sexton poetaren hitzak, maiz aipatuak hala Sextonen nola Plathen poesiari buruz idatzitako azterlanetan.

«Ondo pasatzen egon behar nuen, ilusionatuta, gainerako nesken antzera, baina ez nuen erreakzionatzea lortzen. Geldirik eta hutsik sentitzen nintzen, tornado baten begia bezala, inolako indarrik gabe mugitzen».

«Buddy Willard ere oroitzen dut, esanez, segurtasun siniestro batez, behin ezkondu eta gero ezberdina izango zela, ez nuela poemak idazten jarraitu nahi izango. Orduan pentsatu nuen akaso egia izango zela, ezkondu eta seme-alabak izatea buru-garbiketa baten antzekoa zela, eta horren ondoren sedatuta ibiltzen zela bat munduan barrena, esklabu bat estatu totalitario batean bezala»

• Sylvia Plathen 'The Bell Jar' nobelatik.

«Bere lanean [Sylvia Plath] ohiz kanpokoa zela uste dut, eta ausarta bere bizitza guztian segika izan zuen depresioarekin izan zuen borrokan. Bere esperientzia emozional guztiak soineko zoragarri bat egiteko batu zitezkeen material puskak balira bezala baliatzen zituen; ez zuen sentitzen zuen ezer ere alferrik galtzen, eta sentimendu iskanbilatsu horiek kontrolpean zituenean, gai zen bere energia poetiko sinesgaitza emaitza ikaragarriz fokuratu eta zuzentzeko. Eta hor zegoen Ariel, bere lorpen ikaragarria, bere emozio aldakorren eta amildegiaren ertzaren artean. Ez erortzea zen artea».

• Frieda Hughes-ek, Sylvia Plath-en alabak, Ariel, The Restored Edition liburutik (2004).

«Sylvia Plath heroi tragiko baten antzekoa da, gizateriarentzako sinbolo bat suizidioaren arriskuaren aurrean. Edo, hobeto esanda, norberaren bizitza espirituala hiltzen uzteko arriskuaren aurrean, ematen baitu egungo mundu modernoa dagoen egoeran espirituala den ororen heriotza beharrezkoa dela bizirik irauteko. Sylvia Plathek nahiago izan zuen lurrera itzuli bere zati ezinbesteko hori hiltzen utzi baino.

«Sylvia Plathi idatzi zion hil-oharrean, Anne Sextonek Kafkaren gutun bateko zatia aipatzen du: 'Liburu batek aizkora baten antzekoa izan beharko luke barruan dugun itsaso izoztuaren aurrean'.

«Eta Sylvia Plath artearen bitartez munduan barrena aizkorakadak emanez ibili zen emakume bat izan zen».

• Lisa Liibbe Lara poeta eta ikerlariaren Sylvia Plath: Más allá de los mitos artikulutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.