Antzerkia

Plathen ‘Hiru emakume’ eszenaratuko du Arriaga antzokiak martxoaren 14an

Amatasunari buruz mintzo diren hiru emakume ditu oinarri testuak, eta Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreek gorpuztuko dituzte, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean

Marisol Ramirez/Argazki Press. 'HIRU EMAKUME' ANTZEZLANEKO LAN TALDEA
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 9a
14:02
Entzun

Zorion betez bizi du amatasuna lehenak. Bigarrenak abortuak izan ditu haurdun gelditu den aldiro. Eta haurrik izan nahi gabe ere haurdun gelditu da hirugarrena. Hiru emakume horien bidez amatasunari buruzko kaleidoskopio moduko bat idatzi zuen Sylvia Plath idazleak 1962an. Urte hartan BBC irratian emititzeko idatzi zituen Hiru emakume lana osatzen duten 18 poemak, eta orain euskaraz eszenaratuko dituzte aurrenekoz. Arriaga antzokiak ekoitzi du lana, Harkaitz Canok itzuli du testua eta Mireia Gabilondo antzerki zuzendariak bilakatu du antzezlan poema sorta. Hiru aktore izango dira oholtzan: Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria. Eta haiekin batera, ondoan, baita bi musikari ere: Maria Berasarte abeslaria eta Ane Lopez kontrabaxu jotzailea.. itzulpena izango du oinarria. “Amatasunarena ez da gai bat gehiegi disfrutatu ahal izan dena, ez letretan, eta ezta antzezlanetan ere”, laburbildu du zuzendariak. Pozik azaldu da emaitzarekin, eta lan prozesuarekin ere.

“Oso ikuspegi pertsonal eta ausartetik lantzen du amatasunaren gaia testuak”, azaldu du Gabilondok. Mina, abortuak, erditzea eta beste hamaika gai lantzen ditu testuak, eta horren garrantzia ere azpimarratu du zuzendariak. “Ia ez da hitz egiten hainbeste emakumeri gertatzen zaizkie gauza horiei buruz”. Eta Plathen testuak lantzen dituen gaiez gain, gaiak lantzeko modua ere nabarmendu du. “Plathek bere azidotasunarekin eta bere gordintasunean bete-betean jotzen du jomugan. Eta oso-oso ederra da”. Eta hori da antzezlanera eraman nahi izan dutena ere.

Arnasa estutzea

“Ikusleari zer pentsatua emango dio”, esan du Etxebarriak. Testuaren aberastasuna azpimarratu dute aktoreek. “Plathek oso ongi deskribatzen du sentimendu bakoitza”, adierazi du Bagliettok, esaterako. Eta Pikazak ere testua izan du aipagai. “Bakarrik irudikatzen ditu emakume horiek Plathek, alboan gizonik gabe, eta lagunduko dituen gizarterik gabe. Bere buruari aurre egiten dion emakumea aurkezten du”.

“Laguntzea”. Berasarte abeslariaren hitzetan, hori izango da musikarien lana antzezlanean. Aktoreekin batera izango dira Lopez eta bera eszenan uneoro. "Bazter batean", zehaztu du. Abeslariaren arabera, soila izango da laguntza musikala, eta antzezlanean agertzen diren egoerak laguntzea izango du helburu. “Emoziora jo dugu”, azaldu du. Iñaki Salvador musikariak lagundu ditu girotze lanarekin, eta hainbat abesti ezagunen bertsioez gain, inprobisazio tarteak ere izango direla aurreratu dute. “Ikaragarri ederra da poemek esaten dutena, baina arnasa ere estutzen dizu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.