Kaleak musika uholdearekin busti zituen atzo Donostiako Musika Hamabostaldiaren lehen egunak. Egun guztian musika izan zen hiriko protagonista, kale eta plazetan, museoetan eta baita jauregietan ere. Euskal Herriko musikari gazteak izan dira hamabostaldiari hasiera emateko arduradunak, eta guztira zortzi emanaldi eskaini dituzte.
Danborren hotsarekin ekin zion kaleko musika festak. Musikene Perkuenea perkusio ikasleek eman dute lehen kontzertua, Artzain Ona katedralaren atzean goizean, eta Alderdi Ederreko lorategietan arratsaldean. Perkusioaren lan ezagunenak eta berrienak nahastu dituzte emanaldian, eta adin eta jatorri guztietako entzuleak erakarri. Inprobisaziorako tartea ere izan zuten, eta hainbat entzule parte hartzera animatu ziren. Iraide Ansorena Perkueneko kidearen esanetan, musikarientzat abentura da kalean jotzea. «Nahiz eta obrak prestatu, kalean edozer gerta liteke, eta inprobisatzeko prest egon behar dugu. Euria hasdezake edo entzuleekin komunikatu gaitezke... musika gertuagotik bizi daiteke kalean jota».
Musikeneko ikasleak txandakatu egiten dira halako emanaldiak eskaintzeko. Jaime Atristain eta Jose Luis Garcia perkusio jotzaileen arabera, kontzertu pribatuek baino arrakasta handiagoa dute kalean egindakoek. «Gaur bildu den jendearen laurdena etorriko litzateke Musikenen eskainitako kontzertura. Bestelako giro bat sortzen da hemen». Umeak, helduak, adinekoak, kanpotarrak... bertaratutako guztiek gogotsu lagundu zieten musikariei txalo zaparradarekin.
Perkueneren kontzertuarekin batera, Orfeoi Txikiak emanaldia eskaini du udaletxeko batzar aretoan. Leo Delibes, David Hamilton, Manuel Soler eta Dante Andreoren pieza klasikoekin batera, hainbat euskal kanta eskaini zituzten; esate baterako, Iñaki Otañoren Izarrekin amets, Ken Zazpiren Ilargia, Mikel Laboaren Txoria txori eta Jose Ignazio Ansorenaren Barre egin nahi dugu eta Txirrista Txingo.
Umeak protagonista
Arratsaldean musika udalekuetan parte hartu duten umeak izan ziren protagonista, Musika bai! ekitaldia eskainita. Xabier Lizasoren gidaritzapean, musika oporraldiaren amaierako emanaldia eskaini zuten haurrek.
Bestalde, hainbat bakarlarik erromantizismoko piezekin ekin zioten hamabostaldiari. Aurora Parra sopranoak eta Natalia Lunar mezzosopranoak Gioacchino Rossini eta Giuseppe Verdiren obrak eskaini zituzten, eta Ana G. Schwedhelm eta Elias Benito bakarlariek, berriz, Franz Liszten eta Gaetano Donizettiren obrak. Landarbaso abesbatzak eta Cuarteto Intermezzok amaituzuten musika eguna, Miren Urbieta eta Iker Casaresekin.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Plazara atera da musika
Donostiako kaleetan eta eraikinetan ibili dira Euskal Herriko musikari gazteak egun guztian, Musika Hamabostaldiari hasiera zaratatsua eta ikusgarria eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu