Garai bateko egoeraren aldean, Euskal Herriko plazak dantzarako gogoz dauden lagunez hustu direla ondoriozta daiteke azken urteetan. Gaur egun inoiz baino trikitilari eta dantza talde gehiago dago, ordea. Non hautsi da katea, zerk eragin du hutsunea? Erantzun errazik ez dutengalderak dira; dantzan bezala, urratsez urrats askatu beharreko korapiloa da. Bide horren lehen pausoak proposatu zituzten Jon Maia dantzariak, Jon Ostolaza trikitilariak eta Iñaki Irigoien ikerlariak atzo, Trikitixa Elkarteak Inpernuko Poza izenburupean Donostian antolaturiko Trikitixa Jardunaldietan
Dantzaren funtzio soziala izan zuten lehen mintzagaia hiru hizlariek, Joxe Juan Ugalde kazetariaren galderei erantzunez. «Plazera, sentimendua eta komunikazioa» dira Maiarentzat dantza definitzen duten hitzak; horiek ditu buruan dantzatzen duenean, eta horiek helarazteko balio du dantzak, haren ustez. «Elkar ezagutzeko balio izan du dantzak lehenago, bikoteak horrela ezagutzen ziren esaterako, eta funtzio sozial garrantzitsua betetzen zen horrela», Ostolazaren iritziz. Herri nortasuna nabarmendu zuen Irigoienek, eta ikuskizuna baino gehiago, «barrura begira» egiten den zerbait dela uste du ikerlariak. «Banaka egin daiteke, baina taldean egiten da gehienbat. Herri guztiek egiten dute dantzan, eta batera egitean, herriek sentitzen dute herri izatea». Erritmoek, doinuek... beti izan dute taldeko erritoetan zer ikusirik. «Herri bakoitzak bere ereduak hartu ditu, eta horregatik sentitzen ditugu dantza batzuk geureak moduan».
Horretan dantza taldeek duten zeregina eta izan duten bilakaera aztertu zuten hizlariek. Ikuskizunerako formatu jakin bat izan zuen hizpide Maiak: 80ko hamarkadatik hona, ordubeteko emanaldian, zazpi herrialdeetako dantzak lantzen dituzten 35-40 laguneko taldeen ikuskizunak. «Kide gutxiagoko taldeak ikusten dira orain, eta agian emanaldi gutxiago egiten dituzte, baina horrek ez du esan nahi dantza taldeek beren funtzioa galdu dutela. Taldeek, kultur eragile diren aldetik, herrian funtzio garrantzitsua dute». Tokian tokiko dantzak berreskuratzen, esaterako, herrietako taldeek lan handia egin dutela uste du. Bat dator horretan Irigoien, Zumarragako (Gipuzkoa) edo Otsagabiako (Nafarroa) dantzak adibidetzat hartuta. «Folklore mailako dantzak inoiz baino hobeto gordetzen ari dira», haren ustez.
Gabezia bat antzematen du Ostolazak. «Dantza talde gehienek ikuskizuna landu dute, herriko data jakin bateko ikuskizunari begira, eta energia gehien kanpora begira jarri dute. Taldeak jakin behar du nora begira lan egin». Bat dator horretan Irigoien. 1970ko hamarkadan Bilboko dantza taldean sartu zen ikerlaria, eta autokritika egin du. «Ikuskizunetarako sortu genuen taldea, eta taldeetan ez ditugu plaza dantzak ongi erakutsi, ez ditugu zaindu diren moduan. Herri plaza landu dugu, baina ikuskizun bezala». Txapelketekiko oso kritiko agertu zen, ildo horretan.
Plaza ez da desagertu
Plazan jendea dantzara erakartzeko errezeta magikorik ez du Maiak. «Nire ustez dantza bera da erakargarria, dantza egitearen plazera bera da motorea. Sendotzea behetik gorako kontua da; herri bakoitzean sortzen den dantza giroa, irakaskuntza... urratsez urrats egiten dira zaleak». Ostolazaren ustez, dantza dibertigarria dela erakutsi behar zaio jendeari. «Herrietan jende heldua dantzan eta ondo pasatzen ikusten badute, haurrak hurbilduko dira dantzara eta instrumentua ikastera». Horretarako, taldeak herrietako kultur bizitzan txertatuta egotea ezinbestekotzat du Maiak.
Dantza jaialdi handiak eta taldeen eguneroko saioak, biak bateragarriak eta baliogarriak direla esatean bat etorri ziren hiru hizlariak. Bizkaiko Dantzari Egunean urtero 10.000 lagun inguru biltzen direla ekarri zuen gogora Irigoienek. Orduan, zergatik daude plazak hutsik? «Ez da jendeak dantzan ez dakielako», Ostolazaren ustez. «Jaialdi handietan dantzatzen du jendeak, baina hurrengo astean, auzo bateko jaietan, jende bera joango da eta ez du dantzan egingo». Aisialdia pasatzeko modu asko daudela egun, eta moda kontua ere badela uste du trikitilariak. «Gureak festa alternatiboak direla esango nuke. Orain gazteek tabernetako dibertimentua dute. Dantzan ikasteko euskal dantzen ikastarora apuntatu behar da; lehen ez zen halakorik, gurasoengandik ikasten zuten». Transmisio hori galdu dela esatean ados dago Maiak, baina ikuspegi ezkorrari alde positiboa bilatu zion. Ikuskizun ibiltariak egiten dituzten taldeak, ikastaroetan biltzen den jendea... itxaropenerako motiborik badela uste du. «Plaza moduak aldatu dira, baina plaza ez da desagertu». Jaialdi handiak egun bateko loraldia ez izateko, haien inguruan urte osoan egiten den lana nabarmendu zuen.
Etorkizunari begira, taldeek plazetako dantzak landu eta erakutsi behar dituztela uste du Irigoienek, eta jendeari dantzan egiteko guneak eskaini. Trikitilarien eta dantzarien arteko elkarlana aldarrikatu zuen Ostolazak; trikitilariek zein dantza eta nola jo jakinda, elkar ulertzea sustatzeko. Irakaskuntzan ikusten ditu premia larrienak Maiak, eta arlo hori indartu beharra nabarmendu zuen. Ikuspegi baikorra eman zuen amaitzeko. «XXI. mendean herri batean 20 lagun dantza tradizionala ikasten aritzea, dagoen eskaintzarekin, edo Errenterian jauzi ikastaro batean 80 lagunek izena ematea... halako miraritxoak ere badira».
Plazari ebatsitako plazera
Trikitilari gehien dagoen garaiotan, zergatik egiten den horren dantza gutxi plazetan. Horren arrazoiak argitzen saiatu dira Trikitilari Elkarteak antolaturiko Inpernuko Poza jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu