Poemak irakurriko dituzte bihar Olerkarien Egunean

Hainbat olerkizalek euskarazko testuak aurkeztuko dituzte Baionan, Erroman, Iruñean eta New Yorken

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Olerkarien Eguna izendatu du biharkoa Hatsa elkarteak. Ekimenarekin bat eginez, hainbat olerkizalek euskarazko poemak eramango dituzte Euskal Herriko nahiz atzerriko hainbat txokotara. Bakarka edo taldeka, plazan edo tabernan, euskarazko testu poetikoak aurkeztuko dituzte, nork bere erara. Baionara eta Iruñera ez ezik, Italiara, Herbehereetara, Txekiara, Eskoziara eta AEBetara iritsiko da proposamena.

Baionako Elkarren Xabier Soubeletek hainbat olerki irakurriko ditu 17:00etan, eta kantuan ere ariko da. Bidarten ere izango da ekitaldirik, Kalakan taldearen kantaldia izango baita zineman, Thierry Bizcary, Paxkal Indo eta Xanmi Bereaurekin, 19:30ean.

Donostian, berriz, Guardetxean elkartuko dira Pello Otxoteko, Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso eta Julen Azpeitia, eguerdian. Zugarramurdiko leizeetara ere iritsiko dira poemak, baita Sorginalde etxera ere, Agurtzane Anduetza eta Marisa Arruabarrenaren eskutik. Iruñean, berriz, hilaren 20rako jarri dute ordua, Civican aretoan. Liburuaren Eguna eta Olerkarien Eguna elkarrekin ospatzeko, olerkizale talde batek irakurketa bat egingo du, eta euskarazko poemak idazten dituen oro gonbidatu dute. Errenteriako Mikelazulo elkartean, Oier Guillan eta Idoia Beratarbiderekin ospatuko dute eguna. Eta Senperen, Hatsaren Poesia Eguna antolatu dute iganderako.

Glasgowtik Amsterdamera

Atzerriko hainbat hiritara ere iritsiko da Olerkarien Eguna. Erroman, Stagione Lirica di Operetta gunean, Etorri ginen amets egitera olerkia irakurriko du Alex Mendizabal musikariak.

Proposamenarekin bat egingo dute Amaia Amilibiak Amsterdamen, Elizabeth MacKlinek New Yorken eta Ainara Maiak Txekiako Brno hirian —azken horrek hilaren 14an—. Eskoziako Glasgow hirian, berriz, parke batean bilduko dira Jose Mari Zendoiarekin eta Kepa Mendibilekin olerkiak irakurtzera eta kantuan aritzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.