Gaur eguerdian zabaldu dute EHUren Leioa-Erandioko gunean Poesiaren Bidea, poesia unibertsalaren ibilbidea jorratzen duen pasealekua. Leioa-Erandio guneko espaloietan barreiatutako poema sorta baten inskripzioak dituen 40 harlauzek osatzen dute, eta horietan hizkuntza askotan —euskaraz, gazteleraz, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez— idatzitako Lauaxeta, Antonio Machado, Salvador Espriu, Rosalia de Castro, Arthur Rimbaud eta Lord Byronen lanak irakur daitezke, besteak beste.
"Pasealeku hau sei hizkuntzatan hitz egiten eta idazten duten 40 poeten lanen zatiak biltzen dituen espazioa da. Horrela, campusarekin geografia berezi bat egiten dugula deritzot, hizkuntzek, ideiek eta sentimenduek elkarri eskua ematen dioten mapa literario bat, idazleek elkarren artean hitz egiten duten leku bat, hain zuzen", esan du EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak inaugurazio ekitaldian.
Ekitaldian Iban Zaldua idazleak Poesiaren kontra, edo poesiaren zazpi bekatu nagusiak manifestua irakurri du, eta Mikel Urdangarinek euskal literaturaren bertso batzuei musika jarri die.