KULTURA

Poesiaren mailu kolpeak Ean

Poesiaren eta errealitate sozialaren arteko harremana izango da Eako Poesia Egunen ardatza. 10. edizioa du aurten, eta poesia errezitaldiak, musika emanaldiak eta ibilbide literarioak antolatu dituzte uztailren 19tik 21era arte.

Inigo Astiz
2013ko uztailaren 11
18:52
Entzun

“Poesia mailu bat da”. Etengabea izan da Eako Poesia Egunetan Gabriel Arestiren aipamena. Hala izan zen, orain hamar urte egindako lehen edizioan, eta hala izango da aurten ere. Hamargarrenean. Bilbon jaio eta azken urteak Ean (Bizkaia) eman zituen poetari aitorpen bat egitea zen jaialdiaren lehen asmoa, eta egun bakarreko egitaraua antolatu zuten horretarako.

Egitasmoak erantzun ona jaso, ordea, eta sendotuz joan da urtez urte, asteburu osoa betetzeraino. Mantendu egin dute Arestiren aipamena, halere. Izan ere, haren bertsolerro bat hartu dute jaialdi osoaren ardatz gisa: “Ikusgarria da hemen bidegabea”. Poesiaren eta egungo errealitatearen arteko harremana izango da aurtengo gai nagusia. Poesia eta mailuaren kontu hura, alegia. Eta ekitaldi mordoa antolatu dute horretarako: hitzaldiak, musika emanaldiak, ibilbide literarioak eta poesia emanaldiak. Poesia, batez ere.

Urteko poesia ekoizpenaren ispilu ere izan nahi du jaialdiak. Aurten liburua argitaratu duten hainbat poeta bildu dituzte horregatik antolatzaileek. Rikardo Arregi eta Hedoi Etxartek errezitzaldia eskainiko dute larunbatean, Fabiana Boer Donostian bizi den argentinarrarekin batera. Azken hori da aurtengo gonbidatu berezia, eta hitzaldia emango du goizean, Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde-indarra izenburupean. Castillo Suarezek ere aurten kaleratutako Urtebetetze festa liburuan oinarritutako irakurketa irakurriko du, bestalde, eta Oier Guillanek ere berdin egingo du Elkartasun Basatia lanarekin.

Baina luzea da asteburuan Ean bilduko diren sortzaileen izenen zerrenda. Kantaldi bana izango da eguneko. Josu Bergara eta The Playful Ensemble hari laukotea izango da 19an, Eñaut Elorrieta 20an, eta Eñaut Etxamendik kantaldia eskainiko du igandean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da debaldekoa musikarien hautaketa. Izan ere, poesiarekin lan egiten dute hiru sortzaileek, eta hainbat poema musikatu eskainiko dituzte beren emanaldietan.

Propio sorturiko emanaldiak

Aresti izango da ostiralean abiatuko den jaialdiaren abiapuntua. Patxo Telleria aktoreak Bilboko poetak 1967an Hernanin eskainitako hitzaldi baten irakurketa dramatizatua eskainiko du, eta, beraz, haren hitzekin abiatuko da festa. Eta etengabea izango da haren presentzia gero ere. Luzien Etxezaharretak, esaterako, igandean emango duen hitzaldiaren izenburura eraman du: Poesia, mailu eta fereka.

Izango da jaialdirako propio sortutako ekitaldirik ere. Sumak Kawsay izeneko testua idatzi du Mikel Antza idazleak Earako, eta Mikel Martinez eta Iñaki Ziarrustak irakurriko dute. Bestetik, aurten berreskuratutako burdinola eta harainoko bidea ere baliatuko dituzte Ainhoa Alberdik sortutako Zapatak ikuskizuna eskaintzeko, eta Idoia Beratarbide artistak instalazio bat egingo du bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.