Unescok 1999an izendatu zuen martxoaren 21a Poesiaren Nazioarteko Eguna, eta ordudanik mundu osoko herrialdeetan eta hirietan antolatzen dira, urtero-urtero, poesia ardatz duten ekitaldiak, betiere olerkigintzaren irakurketa, idazketa eta argitalpena sustatu nahian.
Euskal Herrian ere izan ohi du bere lekua Poesiaren Nazioarteko Egunak. Esaterako, bihar hasi eta ostirala bitartean, Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astea, egingo dute Donostia Kulturako hainbat gunetan.
Bihar Itxaro Bordak bere obra poetikoaren gako nagusiak azalduko ditu, Iratxe Retolazaren laguntzarekin, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian (19:00), eta, aldi berean, zenbait poemaren irakurraldia eskainiko du.
Hurrengo egunean, 23an, Viktoria Eugeniako Club Aretoan Ulu, ala, ele, Abere ba ikuskizun poetikoak palindromoak izango ditu abiapuntu. Bigara bikote sortzaileko kideek (Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia) Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburua eta erakusketa egin ondoren, ikuskizun bat sortu dute Amorante (Iban Urizar) eta Okene Abrego musikariekin batera. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka. 23rako sarrera guztiak amaitu direnez, 26an beste emanaldi bat egingo dute.
24an, asteazkenean, Luis Garcia Montero poeta, idazle, kritikari eta irakaslearen txanda izango da. Esperientziaren poesiaren adierazgarririk handiena da Garcia Montero, poesia espainiar garaikidearen funtsezko ahotsa. Itziar Minguez poetarekin solasean arituko da bere obra eta ibilbidearen inguruan, Ernest Lluch kultur etxean.
Azkenik, hilaren 25ean, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo da. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan da lehiaketa.
Bilbon ere jaialdia
Hilaren 15ean hasi ziren Bilbon Bilbao Poesia izeneko topaketak, baina datozen egunetan ere izango da zertaz gozatu. Gaur bertan, Izaroren kontzertua izango da Bidebarrietan, 19:00etan, eta bihar, berriz, lau poeta elkartuko dira leku berean: Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Txibite eta Julia Piera.
Asteartean, Bilbao Poesiak eta Loraldiak, Gaztelondon zer berri. Etxahun ikuskizuna eskainiko dute, Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalten testu eta ahotsarekin, Pierre Visslerren soinu grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin; eta, hurrengo egunean, azkenik, Jose Fernandez de la Sotak, Enciclopedia del fracaso liburuko poemak irakurriko ditu Jose Luis Canal pianistarekin eta Pablo Muller poetarekin batera.
Iruñean ere poesiaren inguruko hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. Gaur bi kontzertu izango dira. Sheila Blancok Espainiako 27ko Belaunaldiko emakume poetak ekarriko ditu gogora Kondestablearen jauregian, 12.00etan, eta besteak beste Ernestina de Champurcin, Concha Mendez, Pilar Valderrama, Elisabeth Mulder, Dolores Catarineu eta Margarita Ferrerasen hitzak musikatuko ditu.
Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Antton Valverdek Gaua, ausentziaren itzala deituriko kontzertua emango du, Civivox Iturraman, Francisco Herrero (biolina eta biola), Joxan Goikoetxea (eskusoinua) eta Ivan Carmona (txeloa) lagun dituela.
Bihar, berriz, Oihane Garmendia Iruñea Hiria lehiaketaren irabazleak hitzaldia emango du 19:00etan, Kondestablearen jauregian, eta asteartean, ordu eta leku berean, Veronica Arandak eta Aitor Francosek hitz egingo dute.
Sr. Vertigo taldearen Planeta Poesia ikuskizunarekin bukatuko dira asteazkenean poesiaren inguruko jardunaldiak.