Poeta eta bertsolariak batu dira Leteren omenezko emanaldietara

Atxaga, Uribe eta Etxarte poetak, eta Euzkitze, Arzallus, Iturriaga eta Elortza bertsolariak ariko dira

Usurbilen maiatzaren 14an Xabier Leteren omenez egindako kantaldiaren amaierako irudia. Ezkerretik eskuinera: Pier Paul Berzaitz, Karlos Gimenez, JosAnton Artze, Paco Ibañez, Amaia Zubiria, Petti, Txema Garces, Joxan Goikoetxea, Xanet Arozena eta Antton Valverde. L&V COMUNICACION.
Juan Luis Zabala
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Xabier Letek poesian nahiz kantagintzan utzitako arrasto sakonaren ondorio eta froga dira haren omenez antolatutako kantaldiak, hala egin direnak—Usurbilen, Oiartzunen, Donostian eta Arantzazun— nola egiteko daudenak. Bihar hasi eta abenduaren 4ra arte Leteren omenez egingo diren zazpi kontzertuetan, kantari eta musikariek ez ezik, poeta eta bertsolari ezagunek ere parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe eta Hedoi Etxarte poetek, eta Amets Arzallus, Xabier Euzkitze, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek. Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan eta Hondarribian eta Urnietan egingo dira emanaldi horiek.

Birako kontzertuetarako sarrerak salgai daude, baina lehena, bihar Hondarribian egingo dena, doan izango da; herri horretan abuztuaren hasieran egitekoa zen kontzertua bertan behera geratu zen, eguraldi txarraren ondorioz, eta gaur haren ordezko emanaldia egingo dute Txomin Artola, Euzkitze, Petti, Pier Paul Berzaitz eta Amaia Zubiriak.

Ez dute parte hartzaileen zerrendako kide guztiek birako kontzertu guztietan parte hartuko, baina haietako asko izango dira bakoitzean. Abenduaren 4an egingo da azken emanaldia, Leteren heriotzaren lehen urteurrenean, Donostiako Kursaal auditoriumean. Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria eta Paco Ibañez, Bernardo Atxaga eta Xabier Euzkitze dira aritzekoak, Karlos Gimenez, Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Xanet Arozena, Francisco Herrero eta Luis Fernandez musikariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.