John Maus pop musikariak kontzertuak egin zituen asteburuan Bartzelonan eta Madrilen, eta polemika sortu zuen. Berea ez da ohiko proposamena. Mikrofono eta sampler batekin azaltzen da agertokian. Bere diskoetako kantuak jarri eta gainetik kantatu eta oihu egiten du. Eta saltoak egiten ditu, kolpeak ematen dizkio buruari eskuekin. Intentsitate handiko kontzertuak dira bereak, ahituta bukatzen du. Kontzertu esaten ari naiz, baina han izandako askoren ustez, hura ez zen kontzertua izan. Batzuek mespretxuz diote, izatekotan, performancea izan zela; besteek, iruzurra izan zela —ez dakit zein generotan sartzen den iruzurra—. Baina inolaz ere ez kontzertu bat.
Harrigarria egiten zait XX. mendea igaro ostean oraindik Mausena kontzertua den edo ez eztabaidatzen aritzea. Badago kontzertuaren definizio finko eta aldaezin bat? Nola azal daiteke zer den kontzertu bat? Izatekotan, eta oso sinple esanda, sasoi jakin bateko publiko jakin batek erabaki duena izango da. Entzule askok kontzertuaren ideia finkoa edukitzen jarraitu nahi dutela imajinatzen dut, erosoagoa dela. Baina niri behintzat ertzetan gertatzen dena egiten zait interesgarrien, pentsatzeko aukera ematen didana, zalantzak sortzen dizkidana, ezeroso sentiarazten nauena. John Mausen kontzertuak halako eztabaida sortzen badu, nolabait kontzertuaren ideia aldaezin hori zabaltzen duelako sortuko du. Berez, eredu horrek aspaldi utzi zion mugakoa izateari. Musika esperimentalak eta abangoardiek aspaldi jarri zituzten zalantzan halako kontzeptuak, baina, kasu honetan, interesgarria iruditzen zaidana da berak pop testuinguru batean egiten duela hori. Musika esperimentalean horrelakoak diskurtso asimilatu ere bihurtu dira, baina, dirudienez, pop musikan mugako eta polemiko izaten jarraitzen du horrelako kontzertu batek. Iruditzen zait, asimilazio falta horri esker, pop musika dela orain bere entzulea hankaz gora jartzeko tarte handiena ematen duen estiloa.
Bi ahotsetara
Polemikatxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu