Pierre Oscar Levy. Zinemagilea

«Politikarien hizkuntza denentzat eskuragarri izatea nahi izan dut» Iduzki Soubelet Fagoaga

Pierre Oscar Levyk 'Un monde dans touts ses états' dokumentala aurkeztu du Miarritzeko FIPA festibalean. Azken urteetan piztu diren krisien gaineko gogoeta egin du, Hubert Vedrinekin elkarlanean.

BERRIA.
Miarritze
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Miarritzeko FIPA Ikus-Entzunezko Saioen Nazioarteko Festibalean Un monde dans tous ses états erreportajea aurkeztu du aste honetan Pierre-Oscar Levy zinemagileak (Paris, 1955). Gaur-gaurko gaiak eta arazoak azaleratu ditu, Hubert Vedrinek idatzi duen lan horretan.

Nola azalduko zenuke dokumentalaren ideia nagusia?

Egun mundua zertan dagoen azaltzea izan da gure asmoa, mundua nola dagoen azaltzea, hain zuzen. Alde batetik, inarrosaldi baten aitzinean gaudela erakutsi nahi izan dugu, eta erreportajean egiten dugun galdera nagusia hau da: nork zuzentzen du egun mundua? Nora goaz? Bestalde, agerian uzten dugu momentu historiko baten aitzinean gaudela, eta harrigarria da, nire iritziz. Izan ere, krisi asko ditugu aldi berean, krisi guztiak gurutzatzen diren momentu batean gaude: krisi ekologikoa, politikoa, soziala eta ekonomikoa. Hainbat arriskuren aitzinean gaude, krisi ugari gurutzatzen diren garai batean.

Erreportajea egitean, zein izan da zuen asmoa?

Europak eta Frantziak duten egoera politikoa erakustea izan da helburua. Politikariek erabiltzen duten hizkuntza itzultzea izan da nire asmoa, jende guztiarentzako eskuragarri eta ulergarri izan dadin. Gauzak argiki esan nahi izan ditugu.

Erreportajean, ideia ugari garatzen dituzue. Esaterako, mendebaldeko gizarteak azken hiru mende hauetan izan duen botere hegemonikoa historiaren aberrazio bat izan dela.

Hubert Vedrinek erreportajean elkarrizketatzen dituen hiru pertsonek diote hori, eta bai, argi da hori gertatu dela eta gertatzen ari dela. Mendebaldeko gizartea gidaritza eta nagusitasuna galtzen ari da. Ez dugu uste, esate baterako, Txina buru berria bilakatuko denik, botere osoa hartuko duenik. Alta, erreportajean esaten den bezala, argi da botere handi bilakatuko dela beste botereen artean. Mendebaldeak ezingo ditu jada gainerako herriak gainetik begiratu.

Estatuek egin desregularizazioa biziki kritikatua da erreportajean. Merkatu librearen kontrako irakurketa egiten duzue.

Argi dago krisiaren deskripzioari garrantzi berezia eman diogula filmean; krisia nondik datorren azaldu nahi izan dugu, ongi uler dadin. Vedrineri gai hau bereziki ongi azal zezan galdegin nion. Filmean ageri da Alan Greenspan bera, munduko finantza buruetako bat izan dena eta neoliberalismoaren defendatzaile sutsua, azken 30 urteetan defenditu den eredua ideologia batean oinarritzen dela aitortzen. 30 urte hauetan buruan sartu nahi izan digute ez zegoela beste aukerarik, ez zela ideologia bat. Zirudien zerbait naturala zela. «There is not alternative» esaten zuten politikari eta ekonomialariek. Alta, neoliberalismoa ideologia bat dela onartzen bada, gauzak beste era batera egin daitezkeela onartzen da. Ez dago bide bakarra egungo arazoei konponbidea emateko. Egungo krisiak dozenaka konponbide izan ditzake, ez bakarra.

Zer da zuek proposatzen duzuena egungo krisiei aurre egiteko?

Gure ustez gobernantza mundial bat eman behar da abian ekonomia erregulatzeko, baita ekologia ere. Biodibertsitatearen aurkako erasoek didate beldur gehien sortarazten.Txikitan jaten nituen arrainak jada ez daude adibidez...

Egungo politikarien perspektiba epe laburregikoa da eta ez dute inongo perspektiba historikorik gainera. Epe luzera begiratu behar ditugu arazoak. Jakin behar da nondik heldu garen. Ezin gara munduko arazoez aritu ez badugu historia guztia buruan. dokumentalaren hasiera historiaurrea aipatuz hasten da hain zuzen. Gure espeziearen izaera kolonizatzailea aipatzen da 700.000 urteko historia batean oinarrituz. Krisi ekologiko eta ekonomikoarekin gauza bera egin behar da. Krisi ekonomikoaren abiapuntua duela 40 urte kokatzen da, neo-liberalismoa indarrean jartzen hasi zenean. Krisi ekologikoak duela 150 urte du bere iturburua. Arazoa konpontzeko jatorrira itzuli behar gara.

Barne Produktu Garbia-ren ideia babesten da erreportajean. Zer esan nahi duzue horrekin?

Honakoa ez da ideia berri bat nahiz eta ez duen oihartzun mediatiko handirik. Barne Produktu Gordina ez da neurgailu egoki bat. Garbiaz ari garelarik ingurumenari egin kalteak deuseztatu ondotik geratzen den aberastasunaz mintzo gara. erreportajean esaten den bezala, «ezin dugu neurgailu berdina erabili abiadura eta errekina neurtzeko».

Nahiz eta erreportajean egungo errealitatearen argazki ilun bat egin, bukaeran mezu positibo bat ematen duzue: komunikazio gizarte batean bizi garen heinean estatuak demokratizatuko dira, emakumeak gero eta askeago dira...

Bai. Azken bi urte hauetan ez gara jada mundu berean bizi. Muga berri bat pasatu dugu. Nahi izanez gero munduko edozeinekin harremanetan ezarri naiteke...2011ko urtarrilaren 14tik, Ben Ali erori denetik, birtuala zena erreala bilakatu da. Iraultza horrek beste mugimendu ugari bultzatu ditu eta oraindik ez da bukatu. Zabaltzen dihardu. Internetek, komunikazio gizarteak, eragin handia izan du horretan. Bestalde, Txina munduko enpresa handiena bilakatu izanak ez du sormen gehiena duen Estatua bihurtzen. Botere ekonomiko hori segitzen izan nahi badu, bere ikasleei, sormenerako askatasuna utzi beharko die. Hau da, komunikatzeko ahalmena garatu beharko dute zigorrik izan gabe trukean. Ireki beharko dira. Ideia hau mundu guztirako balizkoa da. Erregimen autoritarioak informazio fluxuek itoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.