Idazle oparoa da Karlos Linazasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1962). Oparoetan oparoenetakoa. Nekez igaroko du urteren bat bizpahiru lan argitaratu gabe. Behin baino gehiagotan aitortu izan du ia ezinbesteko duela idaztea, eta idatzitakoa argitara ematea. Obsesio duela idaztea. Eta idazte horretan ere «beti obsesio beraren inguruan» idazten du. «Nik ezin dut literatura beste era batera ulertu. Nolabait esatearren, nire galdera, kezka, buruhauste eta abarrek markatzen dute ahotsa, estiloa, forma esaten zaion hori», dio Linazasorok Udalbatza bahituaren kasu pollita liburu berria dela eta Elkar argitaletxeak bere webgunean egindako elkarrizketan.
Haur literatura, poesia, aforismoa, ipuinak, eta nobelak, nobela laburrak beti ere, idatzi izan ditu bere obsesio horiei bide emateko. Aurrez idatziak ditu, besteak beste, Entzungailua (2002, Elkar), Itoko dira berriak (2003, Alberdania), Bestiarioa/Hilerrikoiak (2006, elkar) eta Urperatze handia (2009, Elkar) lanak, esate baterako.Aurreko horien umore ildo bertsukoa da plazaratu berri duen Udalbatza bahituaren kasu pollita ere. «Generoak txandakatzea gustatzen zait. Eta umorezko nobelak umore handiz egiten ditut, umoreko ibil nadin».
Beste askotan bezala umorea, umore absurdua, eta polisemia erabili ditu Linazasorok gizartearen eta, kasu honetan, bereziki politikarien parodia egiteko: «Hitz bakoitzak esanahi bat baino gehiago dauka. Egoera bakoitzak egoera bat baino gehiago iradokitzen du. Eta liburuak berak irakurketa bat baino gehiago ditu».
Udalbatza bat, eta hura osatzen duten zinegotziak dira liburuko protagonistak. Udalbatza eratzen den egun berean, alkate eta zinegotzi berriak beren karguaren zina egiten ari direla, giza aldra arriskutsuak plaza hartuko du. Armaturik azalduko dira eta haserre. Zer nahi duten ez dago argi, baina bahiturik daukate udaletxea, eta haren barnekoak oro. Abiapuntu horretatik osatu du «eleberri zoroa» Linazasorok, ironiatik absurdorainoko koloreekin marraztuz gizakiari eta gizarteari buruzko ipuin edo parabola luzea, edota eleberri laburra. «Absurdoa, literalki, tonuz kanpora dagoen hori da; zentzu arruntetik urruntzen den hori, edo haren kontra dagoen zerbait da absurdoa. Nik, nire literaturaren bitartez, irakurleari arazo bat planteatzen diot: munduaren egoera, errealitatearen laidoa, gizakiaren suntsiketa, heriotzaren nonahikotasuna...», dio aurrez aipaturiko elkarrizketan.
Komikotasunaren eta kosmikotasunaren arteko hoskidetasunetik sorturiko hitz jokoak ondo definitzen du nobela, Linazasororen hitzetan: «Nire kezka kosmiko existentzialak hemen azaltzen dira, baina, umorez, edo komikotasunez». Ironia, sarkasmoa, distortsioa, esperpentoa darabiltza, Samuel Beckett «maisuaren» bidetik. Eta shock egoerak baliatzen dituerrealitatearen distortsio hori lortzeko: «Pertsonaiak egoera berezi eta muturrekoetan ipintzen dira, indar izugarri eta ezin azalduzkoen menpe, hainbatetan komunikatzeko gaitasuna bera ere kenduz... Horixe da teoria, eta nik uste dut nobelatxo honetan nahiko ongi islatzen dela hori guztia».
Istorioan zer gertatzen den oso ondo ez daki idazleak berak: «Gertatzen da ni nagoela etengabe, ni gertatzen naiz. Eta egoera tragiko batetik abiatuta, bahiketa batetik, absurdura jotzen dut. Udalbatza barruan gertatzen diren gauzak, egoerak, aitzakia bat dira nire kezkak planteatzeko. Liburuak bukaera ireki bat du, eta bukaera horrek beste irakurketa bat ematen dio liburuari. Etengabe dago lekuz kanpo egote bat, baina bukaeran irakurleak pentsa dezake amets bat den, paranoia bat den...».
Protagonista nagusia, Udaletxeko liburuzaina eta kultura zinegotzia da, eta alkate-ordea, Linazasororen alter-egoa, hain zuzen ere: «Bera da guztien artean argiena, eta berak maneiatzen ditu gainerako udal kideak. Eta politikaren inguruko azpikarga edo azpi-irakurketa dago».
Hasieran gazteentzako idatzi zuen liburua; «baina, ez dakit beste zenbaitetan bezala ez ote zaidan eskua joan, irudipena daukat».
Antzerkiaren traza
Ipuin luze edo nobela labur izan liteke Udalbatza bahituaren kasu pollita, baina antzerkiaren generotik ere oso hurbil dago idazlearen esanetan: «Dena barruko leku batean gertatzen da eta ia dena elkarrizketa da. Gertaera oso bizia da. Azkenean gidoi moduko bat da. Ez dago soberazko hitzik. Nolabaiteko hezurdura da. Hemen ere laburrera eta esentziara jo dut». Lana taularatzea gustatuko litzaioke Linazasorori, baina badaki zaila izango dela, besteak beste 20 bat pertsonaia inguru beharko liratekeelako: «Halere, 20 izan beharrean zazpi ere izan zitezkeen pertsonaiak, azken finean politikariek, izan bateko edo besteko, antzeko gauzak esaten dituzte eta etengabean».
Liburuak 110 orri dauzka, azalaBruno Hidalgok egina da eta Elkarrek Ateko Banda sailean argitaratu du.
Politikarien parodia, absurdoaren bidetik
Karlos Linazasorok 'Udalbatza bahituaren kasu pollita' eleberri laburra plazaratu du, egoera tragiko bat komiko bilakatuzElkarrizketaz osaturiko liburua da ia osorik, eta egilearen betiko obsesioak islatzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu