Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo). Eguna: Urriak 1.
Jesus Mari Begoña
Bilbon ez dira ohikoak bost minututik gorako txaloaldiak. Sagik eta Weissek egin duten Monteverdiren Poppearen koroatzea-ren bertsio freskoak jaso du horrenbesteko berotasuna publikoaren aldetik. Egia da Busenellok 1642an egin zuen libretoak bidea ematen diola boterearen eta amodio-sexuaren parodia egiteari. Egia da Monteverdiren heldutasuneko lanak Errenazimentuko eta Barrokoko forma musikalen arteko zubiarena ere egiten duela, kalitatezko modernotasunarekin gainera. Baina gaurko musikazaleak ez daude ia lau orduko errezitatiboetatik hurbil. Dramma in musica zahar hau birsortu duen taldeak jakin du gaurko sentiberatasunak eskatzen duen sinesgarritasun dramatikoa ematen, libretoarekin eta musikarekin apurtu gabe. Sagiren eszenak aldi guztietarako balio duen hausnarketa bultzatzen du muntaia abstraktu baina esanguratsuaren bidez. Beste horrenbeste egin zuen Weiss maisuak Forma Antiqua garaiko instrumentuz osatutako musikari taldearen aurrean. Abeslarien gaztetasuna eta haien trebetasuna nabarmendu beharko genuke kantu fioritoan. Lan koralaren gainetik Puertolas sopranoaren abestaldi sendoa, moduaketa itxura. Cencic kontratenorraren tinbre eta lerro kantua, gorputz batekoa; Stotijn sopranoak, Sabata kontratenorrak, Bou baxuak eta De la Merced sopranoak itxura eta kalitatea eman zioten hastapeneko bel cantoari: legatoak, gurguiluak, koloraturak, tremoloak... Saituak eta Ubietak eskarmentua eta ziurtasuna azaldu zuten, beste abeslarien moduan.
Poppea gaurkotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu