Xabier Montoiaren liburuen aurkezpenetan ohikoa den legez, atzo ere ez zen egilea egon bertan, «ez duelako parte hartzen bere liburuen promozioan», Xabier Mendiguren Elizegi editoreak azaldu zuenez. Mendiguren bera eta Leire Zubeldia liburu kritikaria arduratu ziren azalpenak emateaz.
Hamar ipuineko liburua izan arren, ez da gaikako bilduma bat Montoiarena. Oso ezberdinak dira istorio guztiak. «Gizarteko hainbat esparrutan kokatu ditu idazleak, askotariko gaiak jorratzen dira ipuin bakoitzean, eta protagonistak ere era askotakoak dira», Zubeldiak azaldutakoaren arabera. Izan ere, pertsonaia sorta eta testuinguru sorta guztiz dira askotarikoak: futbol profesionalean arrakasta izatearekin amets egiten duten gazteak, Eusko Jaurlaritzan sartu berritan bizkartzainekin gorabeherak dituen emakume bat, apaiz bat, Tennesseeko soul musikari bat edota Uzbekistango kontzentrazio esparru batean preso dagoen marrazkilari bat.
Galtzaile moten eta galtzaileen ibilbide anitzen disekzioa egiten du narrazio bakoitzak. Batzuk berez dira galtzaileak, giza talde jakin bateko kide izateagatik. Beste batzuk galtzaile dira euren ametsak bete ezin dituztelako. Besteak, berriz, zerbait irabazteko zerbait galdu behar dutelako. Eta badaude ezer galtzekorik ez dutelako galtzaile direnak ere. Baina, Zubeldiaren arabera, «galtzaile horien guztien gainetik badago pisu berezia duen galtzaile mota bat: norbaitek galtzaile izatera kondenatu dituenena».
Historia irabazleek idazten dutela esan ohi da, galtzaileek ez dutela lekurik izaten historiaren orrietan. «Montoiak, berriz, artista izorratu horiei lekua egin die, ez historiaren orrietan, baina bai literaturaren orrietan», Zubeldiak azaldu zuenez.
Eguneroko galtzaileak
«Liburu honetan agertzen diren pertsonaiak ez dira marjinalak», azpimarratu zuen Mendiguren editoreak. «Ez dira junkieak, ez dira prostitutak... eguneroko bizitzan aurki daitekeen jendea da liburuan ageri dena». Normalean erreparatzen ez zaion hari erreparatu dio Montoiak. «Badu ipuin bat futbol munduaz, baina ez dira goi mailako futbolariak agertzen, bigarren edo hirugarren mailakoak baizik», azaldu zuen Mendigurenek. «Montoiaren protagonistek behatz mamiekin ukitu dute ametsa, baina hortxe geratu dira». Hala ere, azalerako Ronaldinhoren irudia erabili dute.
Ipuin guztietan agerikoa da idazle gasteiztarraren zigilua: begirada zorrotza eta idazkera doia. Zubeldiak adierazi zuenez, «ohikoa duen idazkera aukeratu du Montoiak: gordina, garratza eta ironiaz betea».
Liburua
Izenburua: 'Fucking artists'.Egilea: Xabier Montoia.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialde kopurua: 256.