Portuko hots, kolore eta usainak

Xabier Mendiguren Elizegi.
2008ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
(XVII)



Aljerko hiria zuen Bizargorrik bere gordeleku nagusia, eta Aljerko portura bideratu zuen itsasontzia. Haizea aldeko zuela eta xaxatuko zuen areriorik gabe, ziztuan egin zuen etxerainoko bidea, Chiarak erreskatatuko zuen ontziren batekin amets egiten zuen bitartean, alferrik egin ere.

Lapurzulo zikin eta satsu bat espero zuen neska veneziarrak, kristau-herrietatik kanpo ez zibilizaziorik ez gizatasunik ez zegoelakoan, eta ezustean harrapatu zuen Aljerko portuak: hango arrantzaleak, merkatariak, kortsarioak eta soldaduak; batel koxkorrak, belaontzi ertainak eta karabela handiak; zamaketari eta garraiolariak, astoak eta gameluak, oihalak eta barazkiak, okela eta espeziak, egurrezko altzariak eta altzairuzko ezpatak, saltzaileen deiadarrak eta muezinen otoitzerako deiak... Era guztietako hots, kolore eta usainak nahasten ziren barku eta kaien artean, portuari halako bizitasun bat eransten ziotenak.

Bizargorriren ontzia, gainera, ez zen bat gehiago; hango nagusia ez zen edozein, denek baitzeukaten harentzako hitz gozo bat, agur bero bat, eskari bat, esker emate bat, halakoren goraintziak, bestearen eskumuinak... Veneziako Dogo handia balitz bezala iraileko Estropada Handiaren egunean --pentsatu zuen Chiarak--, baina Veneziatik urruti, hala ere.

Bizargorrik, berriz, errege baten maiestate eta dotoreziaz agurtzen zituen hango herritarrak, eta menturazale baten lotsagabekeriaz erantzuten zien haien zirto eta erronkei. Ikusten eta entzuten zituen gauzekin aho-zabalik zegoen Chiara, baina ondo gordean zeukan bere harridura, ez baitzuen inondik ere nahi pirata malapartatu hura --beraren bahitzailea eta ondasunen lapurra-- konturatzea halako txundidura eragin zionik.

Pirata malapartatua, aldiz, ez zegoen bere bahituarekin ahazturik.

--Ongi etorri Aljerrera, andere xarmanta. Ez da munduan porturik, Istanbul salbu agian, honen giroa gaindituko duenik.

--Ez zara inoiz Venezian izan, bistan da --Chiarak, harro eta zurrun.

--Joan behar dut egun hauetako batean, edertasun ugari dagoela esan baitidate. Baina nago, Veneziako perlarik ederrena Aljerrera ekarri berri dugula.

Chiarak nekez eutsi zion irribarreari, eta behin eta berriz errepikatu behar izan zion bere buruari: «Pirata bat da, mairu zikina, lapurra eta hiltzailea, paganoa eta bahitzailea...». Eta hala ere, ezin ukatu bazuela erakarpen moduko bat, ozarkeriaren xarma edo...

--Nire aitak bahiketa honen berri jakindakoan, hona etorri eta belarrietatik zintzilik edukiko zaitu, erori arte.

--Kontxo! Gogoan hartuko dut teknika hori, baten bati ezartzeko. Dena dela, zure aita eta bere lagunakmakina bat aldiz saiatu dira Aljer hartzen, eta lehen ezin izan bazuten, orain ere ez dut uste lortuko dutenik.

--Ikusiko dugu.

--Bai noski. Bitartean, baina, utz iezadazu gure abegi ona erakusten. Anfitrioi on bati dagokion moduan hiriko edertasunak erakutsi behar nizkizuke, baina oraingoz ezinezkoa egingo zait: Karlos enperadorea egoskortuta dabil eta itsasoko parte honetan nork agintzen duen irakatsi beharko diot. Hala ere, geure etxean hartuko zaitugu, eta gonbidatu goren bati dagokion tratua emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.