Lucia Egaña Rojas (Munster, Alemania, 1979) artista txiletarrak Zinegoak Bilboko LGTB zinema jaialdiko film luze dokumental onenaren saria irabazi zuen Mi sexualidad es una creación artística (Nire sexualitatea sorkuntza artistiko bat da) bideo dokumentalarekin. Bartzelonako postpornografia mugimendu artistiko eta politikoaren inguruko lana egin du Egañak, postpornografia lantzen duten hainbat kolektibotako kideak elkarrizketatuz. Euskaraz azpidatziak jarri dizkiote eta dokumentala Euskal Herriko aretoetan banatuko dute.
Zer da postpornografia eta nola sortu zen horren inguruko mugimendua Bartzelonan?
Postpornografia, Annie Sprinkle-k definitzen duen erara, sexu esplizituaren, erretorika pornografikoaren, erabilera da. Baina ez du helburu komertzialik, ezta kitzikatzailerik ere; helburu politiko, artistiko, kultural eta umorezkoak baizik. Sexualitate nagusiaren ideia desegin nahi du. Elkarrizketatu ditudan kolektiboetako kideak 2003an hasi ziren lanean, 2004an era agerikoagoan. Batzuk berriagoak dira. Bartzelonako postpornografia sortu zen punk eta okupa mugimenduek autogestionatutako ekintzekin. Publikoki, sortze-mitoa MACBA-ko (Bartzelonako Arte Garaikideko Museoa) 2004ko postpornografia maratoia bada ere, elkarrizketatutako talde guztiek 2005eko Bartzelonako Queer Actionqueer kulturaren inguruko ekitaldian kokatzen dute beren lanaren hasiera. Gune bien arteko harremanaz sortzen dela esango nuke.
Ze alde estetiko daude pornografiarekin alderatuta?
Ezberdintasunak asko eta handiak dira. Postpornografian bideokameraren lana oso bestelakoa da pornografiaren aldean. Oro har, askoz logika esplikagarriagoa darabil, irudiaren errepresentazio izaera agerian uzten da. Ohiko pornografiak gertatzen ari denaren inpresioa ematen du, eta ez da azaltzen irudia nola sortzen den. Sexualitatearen inguruko diskurtso bat ikusten duzu. Baina diskurtso gisa hartu beharrean, dokumental gisa hartzen duzu. Horrez gain, mainstream pornografikoa, oso genitala da; postpornografia, ordea, horren kontrako lana egiten saiatzen da. Protesi edo jostailuen bidez, gorputza erabiltzeko beste erak bilatzen dira. Bartzelonan egiten den postpornografiak Do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) kontzeptuarekin egiten du lan, ez dago profesionalik; ez dago medioa ikusezin bihurtzeko saiorik, zinema tradizionalean ez bezala.
Iruditeria sexuala eta generozkoa eraikitzeko zinema pornografikoak duen ahalmenaz ari zara hainbat artikulutan.
Bai, alde batetik, pornografiak berak diskurtsoa eraiki badu ere, zinemaren teorikoek ere hartu dute parte. Askotan aritzen dira pornografiaz dokumental medikoa balitz. Pertsona askok sexualitatearen inguruko lehen erreferenteak pornografian izan dituenez, logika hori erreproduzitzen hasten da. Hala, postpornografiak logika horren desegite lana egiten du. Erreferente berri ak proposatzen ditu, postpornografian ez dago ezinezkorik. Harreman motak eta generoak asko zabaltzen dira. Generoa errepikapenaren bidez sortzen da, txikitatik, gizabanakoak bere generoari dagokion jarrera errepikatzen du.
Eta postpornografiak nola amaitzen du hori?
Eredu berriak proposatuz. Askatasun handiagoa dugu, postpornoak sexualitate eredu berriak bilatzen ditu. Generoa aldaezintzat aurkeztu digute. Esan daiteke, irudikapen mailan aldatzeko aukera handiagoak daudela.
Zein izan da Bartzelonako postpornografiaren bilakaera?
Hasieran, jendeak era gordinagoan egiten zuen, erraietatik. Aniztasun handia dago taldeen artean. Batzuk bere lanak testuinguru artistikoagoetan sartzen hasi dira, postpornografia lanak sartzen ari dira arte erakundeetara. Hala ere, alde nabarmenak daude beraien artean. Maria Llopisena , esaterako, erakunde artistikoen onarpen handiagoko lekuetara joaten dira, tema horiek bistan jarriz. Llopis postpornografiako ekoizle eta eragilea da. Bestalde, aktibismo eta autogestio guneetan aritzen den jendea ere badago, ez dute hain ikuspuntu diskurtsiboa. Post-op-ek, La quimera rosak… nahiko lan artistikoa egiten dute, adibidez. Diana (Pornoterrorista) ere, erraietatiko lana izatetik eszenaratze konplexuagoetara pasatu da.
Punk eta okupa mugimenduaren inguruan jaio eta erakundeetara sartzeko bidea nolako izan da?
Zerbait konplexua da, espazio horiek arauak dituztelako eta hainbat gauza berton egin ezin daitezkeelako. Erakundeen zentsurari buelta emateko oso forma interesgarriak asmatu dira. Oso erronka interesgarria da diskurtso horiek guztiak erabat normalizaturik daudenean, gauza berriak bilatu behar dituzulako. Kezkatzen nau jakiteak ze gauza berri agertuko diren. Postpornografia eta queer kulturaren diskurtsoek, genero eta sexualitatearen ingurukoek, beste diskurtsoekiko haustura handia ekarri dute eta horretan jarraitu beharko dute.
Ez al ditu pornografiak, zinema tradizionalak eta literaturak erreproduzitu dituzten ereduak errepikatzen?
Bai, kultura heteropatriarkalak, horri interesatzen zaizkion diskurtsoak iragazi ditu. Horren inguruko iragazia egin da pornografian, eta kultura horren hainbat alde hartu dira. Nire ustez, gailendutako kultur ereduari interesatzen zaion sexualitate mota planteatu du. Hori oso falozentrikoa da, gainera. Pornografia tradizionalak zakilaren gaineko irudian lan egiten du, emakumeariegindako sarketan. Horren inguruan eraikitzen da, eta, era berean, ideia bera, kulturako beste zenbait elementuetan irakur daiteke. Gailendutako pornografia sistema heteropatriarkalaren partetzat hartzen dut, emakumeek zein gizonek egindakoa izanda ere, edo homosexualek edo heterosexualek egiten badute ere; jende guztia bere gain hartzen duen sistema kulturala da.
Lucia Egaña Rojas. Artista
«Postpornografia lanak sartzen ari dira arte erakundeetara»
Lucia Egaña Rojasek Zinegoak jaialdiko film luze dokumental onenaren saria jaso zuen iragan astean, 'Mi sexualidad es una creación artística' Bartzelonako postpornografiari buruzko lanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu