Zenbait azterketa egin ondoren, Praileaitz (Deba, Gipuzkoa) kobazuloan "pitzadurak" topatu dituztela jakinarazi du gaur Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. Horretaz gain, estalaktitetan "korrosio arazo larriak" ere badaudela esan du eta, horiek segituko balite, haitzuloan dauden margoak "epe motzera" desagertu egin daitezkeela (ehun urtekoa da "epe motza", Aranburuk esan duenez).
Praileaitz ondoan harrobi bat lanean dago, baina Kultura diputatuak adierazi du "une hauetan" ezin dela esan aipatutako pitzadurak egon izanak lotura duenik harrobia martxan egotearekin. Hala ere, haren ustez, "komenigarria" litzateke Praileaitzen babesgunea 50 metroetatik ehunera pasatzea. Horretarako aurretik azterketa hidrogeologikoa egin beharko dela zehaztu du. Azterketa hori egiten hiruzpalau hilabete pasatu beharko dituzte. Gaur egun bost babesgune dauzka Praileaitzek; bakoitza gradu desberdinekoa da.
Han inguruan beste hamazazpi haitzulo txiki topatu dituztela ere jakinarazi du, eta horietako batzuk kobazulo nagusiarekin lotuta egon daitezkeela. Lehen zantzuen arabera, ez dute material arkeologikorik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman ditu Aranburuk azalpenak.
Kultura
Praileaitz haitzuloan pitzadurak topatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, arazo horrek ez du loturarik kobazulo ondoko harrobiarekin. Haitzuloko margoak "epe motzera" desagertu egin daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu