Praileaitzeko aztarnategiaren inguruko harrobiaren jarduna arautzeko dekretu berria hil honetan onartu eta indarrean jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. «Aste honetan bidaliko dugu Gobernu Kontseilura, eta hilaren bukaeran onartuko da», adierazi du Jose Luis Iparragirrek, Kultura Ondarearen zuzendariak. 2007koak baino babes handiagoa ematen dio dekretu berriak Praileaitz leize-zuloari. «Eremu berri bat sortzen du mendiaren magalean, eta hor ezingo da ustiaketarik egin; eta handitu egingo ditu beste babes eremuak: 50 metrotik 65era bata; bestea 100 metrotik 130era. Gure iritziz, kobazuloaren segurtasuna bermatuta dago dekretu berriarekin».
Aurreko dekretuaren aurkako diziplina dosierra duela hogei hilabete abiarazi zen, 2010eko maiatzaren 3an, eta dekretu berriari buruzko ebazpena eman eta hura indarrean jartzeko epea otsaila baino lehen amaituko dela ekarri dute gogora egunotan Praileaitzen Lagunek eta Mutriku Natur Taldeak, eta «ausardia» eta «prestasuna» eskatu diote Jaurlaritzako Kultura Sailari.
Onartuko den dekretuak funtsean mantendu egingo ditu duela hogei hilabeteko proposamenak, Iparragirrek aurreratu duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mutriku Natur Taldeak aurkeztutako helegite batzuei erantzuten dieten aldaketa txiki batzuekin» .
Dekretu berriaren arabera, Kosta Legea aintzat hartuz, babestutako eremua handituko den arren, zabaltze hori ez da aski izango, Praileaitzen Lagunen eta Mutriku Natur Taldearen ustez. «Gu ez gaude konforme dekretuarekin, gehiago eskatzen dugulako, baina aurreko dekretua baino hobea da, kontuan hartzen duelako Kosta Legea», adierazi du Rafa Perezek, Mutriku Natur Taldeko lehendakariak. Aurreko dekretua, 2007koa, Kosta Legeak ezarritako arauak «lotsagabeki» ahazten zituen dekretu «inkultua» zela salatu dute Praileaitzen Lagunek beren webgunean.
Kalte-ordainen mehatxua
Hainbat hedabidetan zabaldu denez, harrobia ustiatzen duen enpresak —Amenabar taldeko Zeleta SL-k— Jaurlaritzari 50 milioi euroko kalte-ordaina eskatzeko asmoa du, dekretuak eragindako kalteengatik. Horren beldurrez atzeratu du Jaurlaritzak dekretuaren onarpena, leize-zuloaren defendatzaileen ustez.
«2007. urteko dekretua onartu zenean, enpresak kalte-ordainak eskatu zituen», ekarri du gogora Iparragirrek, gaiari buruz galdetu diotenean. «Epaitegietan dago eskari hori, oraindik ebatzi gabe. Guk uste dugu dekretu berriarekin zentzu bereko erreklamazioa egingo duela, oraingoan are kopuru handiagoa eskatuz». Baina babesten den eremuak Kosta Legearen babesa dauka, eta horrek eskakizun batzuk ditu. «Lege batean oinarritutako murrizketak direnez, guk uste dugu enpresari ez dagokiola kalte-ordainik eskatzea. Hori, dena den, gure interpretazio juridikoa baino ez da. Kalte-ordain eskari bat baldin badago, epaitegiek esango dute gure interpretazio hori zuzena den edo ez den zuzena».
Perezen ustez, enpresa ez dago Jaurlaritzari kalte-ordainik eskatzeko moduan. «Enpresak Kosta Zuzendaritza Nagusiaren eskutitz bat jaso zuen, Kosta Legea zela-eta bete behar zituen baldintzak zehaztuz, baina Jaurlaritzari ez zion horren inguruko abisurik eman, nahiz eta betebehar hori izan legearen arabera», argudiatu du. «Horregatik, baliteke Jaurlaritzak enpresari kalte-ordainik eman behar ez izatea, enpresa izan zelako lehena legea hausten. Gu horretaz konturatu bagara, Jaurlaritzako abokatuak ere konturatuko ziren».
Praileaitzen babes eremua handituko duen dekretu bat onartuko dute
Gogobetetzen ez dituen arren, aurrekoa baino hobetzat dute Mutriku Natur Taldeak eta Praileaitzen Lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu