Praileaitzi babes handiagoa eman behar zion dekretua artxibatu du Jaurlaritzak

EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek bultzatu zuen arau berriak indarrean jartzeko bidea etetera

Praileaitz I haitzuloaren barruko ikuspegia. - / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Iraungitzen utzi eta gero, Praileaitz I haitzuloaren babes eremua 50 metrotik 65era handituko lukeen dekretua artxibatu egin zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, joan den ekainaren 7an. Horren ondorioz, haitzuloak 2007ko dekretuaren araberako babes neurriak izaten jarraituko du, dekretu berriarekin izango lituzkeenak baino eskasagoak.

Joan den urtarrilean, Jose Luis Iparragirre Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak agindu zuen dekretu berria Gobernu Kontseilura bidali eta hilaren amaierarako onartuko zutela; baina, gero, ia amaitzear zegoen prozedura hura bertan behera uztea erabaki zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak, EAEko Auzitegi Nagusiak Zeleta S.M. enpresaren alde emandako epai baten ondorioz, «ongi ikusi arte ebazpen judizial horrek zer-nolako ondorioak izango zituen», Antonio Rivera Kultura sailburuordeak dekretua aldatzeko espedientearen artxibatzea ofizialki adierazteko idatzizuen ebazpenean irakur daitekeenaren arabera —Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian herenegun argitaratu zuten—.

Dekretu berria onartuko zela agindu zuenean ere, Iparragirrek ohartarazi zuen Sasiolako harrobia ustiatzen duen enpresak —Zeleta S.M.— kalte-ordainak eskatu zizkiola Jaurlaritzari 2007ko dekretua —egun indarrean dena— onartu zenean. «Epaitegietan dago eskari hori, oraindik ebatzi gabe», esan zuen Iparragirrek urtarrilean; baina haitzuloaren babes eremuak Kosta Legearen babesa zuen, eta horrek baikor izatera bultzatzen zuen. «Lege batean oinarritutako murrizketak direnez, guk uste dugu enpresari ez dagokiola kalte-ordainik eskatzea». EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, ordea, Iparragirrek uste ez bezala, enpresaren aldekoa izan zela pentsa daiteke. Dekretu berriarekin, kalte-ordainak are handiagoak izango ziratekeen, gainera.

Dekretu berria onartzeko epea iraungitzear zela ohartarazi zion iazko urtearen amaieranMutriku Natur Taldeak Kultura Sailari, dekretuak gogobetetzen ez bazuen ere aurrekoa baino hobea zela irizten ziolako. Praileaitzen Lagunak elkarteak, haitzuloko aztarnategiaren ustiatzaileek eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak ere urriegi irizten diete egun indarrean den dekretuak ezarritako babes neurriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.