Ameriketako Estatu Batuetako historia laburrean lau presidente akabatu dituzte, hainbat presidente zauritu eta lehendakarigai bat hil. Horiez gain, kontaezinak dira presidenteen kontra izan diren hilketa saioak. Ez dira estatistika makalak demokraziaren ikurra bazter guztietara zabaltzeko tema duen herrialde batentzat, eta zer pentsa handia ematen du.
Hildako zerrenda horretatik lehena Abraham Lincoln izan zen. Alderdi errepublikanoaren eskutik AEBetako 16. presidentea izan zen. 1861ean hasi zen haren agintaldiak esklabotzaren amaiera ekarri zuen, eta gerra zibilaren amaiera kudeatzea tokatu zitzaion. Hain zuzen ere, hori izan zen hura hiltzeko arrazoi nagusia; 1865eko apirilaren 14an gertatu zen, Ostiral Santuarekin, Washingtonen.
Bertsio ofizialaren arabera, konfederatuen aldeko John Wilkes Booth aktoreak prestatu zuen hilketa. Lincolnez gain, Johnson presidenteordea eta Seward Estatu idazkaria hiltzeko plana prestatu zuen Boothek. Hura arduratu zen presidenteaz. Ford antzokian antzezlan bat ikusten ari zela, buruan tiro egin zion. Biharamunean hil zen Lincoln. Beste bi ordezkari politikoak hiltzeko planak huts egin zuen. Hurrengo egunetan atentatuan parte hartu zuten guztiak atxilotu zituzten, Booth izan ezik. Hura hil egin zuten.
Lincoln gehiago
Opera baten argumentua badirudi ere, gertaera historikoak dira horiek guztiak. Lincolnek eta haren hilketak arrasto sakona utzi dute AEBetan, eta presidentearen bizitza askotan eraman izan dute zinemara. Lehena zinemagintzaren hastapenetan izan zen: 1930ean, David W. Griffithek Abraham Lincoln filma egin zuen. Bederatzi urte geroago, John Fordek haren gaztaroa kontatu zuen Young Mr. Lincoln-en.
Hortik aurrera, beste hainbat pelikulak izan dute Lincoln protagonista. Azken urteotan berriro ere lincolnmania moduko bat piztu dela ematen du. Izan ere, aste honetan estreinatuko den Robert Redforden pelikulaz gain, presidentea protagonista duten beste bi proiektu daude martxan.
Dudarik gabe garrantzitsuena Steven Spielberg gidatzen ari den filma da: Lincoln da haren izenburua, eta Daniel Day-Lewis izanen du protagonista. Hurrengo urterako espero da filmaren estreinaldia.
Bigarrena, berriz, askoz ere bitxiagoa da. Lincoln banpiro generoarekin uztartzen baitu 2012an estreinatuko den Timur Bekmambetoven Abraham Lincoln: Vampire Hunter. AEBetan arrakasta handia izan duen eleberri batean dago oinarrituta.
Redfordek hilketaren ingurumariak ekarri nahi izan ditu zinemara The Conspirator-en. Presidentea hiltzeko konspirazioan ustez parte hartu zuen emakume bakarra da protagonista: Mary Surratt. Plana prestatzen ari zirenak Surratten pentsio batean batzartu ziren hainbat aldiz, eta, horregatik, hura ere atxilotu egin zuten. Epaiketan, erruduna zela erabaki zuten epaileek, eta urkaturik hil zuten. Hala ere, zalantza handiak daude Lincoln hiltzeko planean izan zuen parte hartzearen inguruan.
Pelikulan Frederik Aiken abokatuak gogoz kontra hartuko du Surratten defentsaren ardura. Aiken gerrako heroi unionista da, baina pixkanaka ikusiko du emakumea errugabe izaten ahal dela eta bere semea harrapatzeko erabilia izaten ari dela. Herrialde osoa kontra duela, Surratten errugabetasuna aldarrikatzen hasiko da Aiken.
The Conspirator Redford aktore ezagunak zuzendu duen zortzigarren filma da. 1980an ekin zion zuzendari lanari lau Oscar eskuratu zituen Ordinary People drama familiarrarekin. Orduz geroztik, ibilbide nahiko gorabeheratsua izan du Redfordek, eta 1994an egin zuen Quiz Show da orain arte egin duen pelikularik onena. Dagoeneko proiektu berria ari da prestatzen, The Company You Keep; horretan, zuzentzeaz gain, berriro ere kamera aurrean jarriko da.
'THE CONSPIRATOR'
Zuzendaria. Robert Redford.
Aktoreak. James McAvoy, Robin Wright, Kevin Kline, Evan Rachel Wood, Danny Huston, Justin Long, Tom Wilkinson.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2011.
Iraupena. 122 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Presidentea hil
Robert Redford aktore eta zuzendariak 'The Conspirator' filma egin du, Abraham Lincolnen hilketaren inguruko istorioaMary Surratten eta haren abokatuaren arteko harremana du ardatz filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu