Eryk Rocha. Film zuzendaria

«Protagonistaren larru barnera sarrarazi nahi nuen ikuslea»

Artista brasildarra 'Transeunte' fikzioarekin etorri da Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen Jaialdira; film kontenplatiboa da, zuri-beltzean, izugarri hurbiletik hartu irudiekin egina, eta ikusleak markatu ditu, batzuk biziki gustukoa ukan dutelako eta besteek batere ez.

GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Badira film batzuk «konbentzionalak» direnak; hala izendatu du berea Alvaro Curiel mexikar film zuzendariak. Acorazado (Guduontzia) fikzioaz ari da artista, Miarritzera Latinoamerikako Kulturen Jaialdira ekarri duen lanaz. Oihartzun ederra izateko egina da. Publiko zabalaren pozgarri, dela mexikar, dela miarriztar edo beste. Atzo goizeko proiekzioan sala betea zuen, ikasle ugarirekin, anitz pozik eta galderak pausatzeko prest. Etorkin mexikar baten historia kontatzen du filmak. Ameriketako Estatu Batuetara joan nahi du, Kubako komunismotik ihesi dabilela sinetsaraziz... baina, azkenean, gauzak ez dira aterako hark nahi bezala. Kubara da iristen gizona. Umorez busti film politiko bat, pertsonaia hunkigarriek daramatena.

Eta badira beste film batzuk, ez direnak beharbada hain begi bistakoak, usaiako filmen arauetatik kanpo daudenak. Horietako bat da, agian, Eryk Rocharen Transeunte (Oinezko ibiltaria). Hori ere Miarritzeko jaialdian. Glauber Rocha film egile ezagunaren semea da Eryk Rocha. Curielena bezala, fikzioen saileko lehian dago. Lehiaketaren emaitzak, hain zuzen, bihar emanen dituzte, sariekin batera.

Sarien zain, atzo goizeko Transeunte filmaren emanaldian, bazen jende, zaharrak gehienak. Anitz atera dira. Bururaino egon direnetan ere, baziren kritika anitz. Baina badira izugarri gustukoa ukan dutenak ere. Negarrez agertu zaio bat film egileari. Gaztelera irakasle bat, erretretan, barne-barneraino hunkitua. Eta zuzendaria, ezin kontentago. Horrelako erreakzioak nahiago, esku zartak baino. Anitzetan, esku zartak bota arren, zinema gelatik atera bezain laster filma ahazten dela baiteritzo film egile brasildarrak. Harena ikusirik, ezin iritzirik gabe gelditu. Kritika nagusien artean, filmaren luzetasuna dago. Luzea da, eta sentitzen da, gainera. Nahitara.

Narrazio soil bat baino gehiago, film kontenplatibo bat da: «Esplikazio bat baino gehiago, iradokipen poetiko bat». Zinema usu biziki arrazionalizatua da, epe zehatz batzuen artean murgiltzen dena, «akzio anitzekin, inflazio neurtuarekin», baina hemen sekuentziak ez dira usaian bezala moztuak. Denbora «balio» bat bezala erabili du egileak, «denbora ukaiteko filmean sartzeko». Eta tarte horretan, gertatzen den «enigma» sentitu nahi du Rochak, publikoaren eta pantailatik iragaten ari diren soinu eta irudien arteko loturan. Indiferentziatik harago doan delako erreakzio hori. Kontua da Transeunte fikzioaren haria Expedito 65 urteko brasildarraren potreta dela. Eta pertsonaia, hasieran —filmaren heren batez— enoatzen da. Emaztea hil zaio, eta bakarrik bizi da, haurrik gabe. Lagunik ere ez du. Zinez bakarrik da. Eta Rio de Janeiroko hiri handi bezain anonimoan. Ondorioz, enoatze hori filmatzean, ikuslea ere horretan erortzeko arriskuan da. Halere, enoatze hori ezinbestekoa zitzaion Rochari, ondotik protagonistak duen arraberritzea ulertzeko. Zahartzaro bakarti batetik, freskatuz, gaztetuz doa: «Bere burua berriz asmatuz. Berriz sortuz. Gai hori zahar baten bidez kontatzea interesgarriagoa iruditzen zitzaidan, nerabe baten bidez baino. Filma heriotzatik bizira doa».

Zinemaren aukerak, bururaino

Historia bat kontatu baino gehiago, zinemak ematen dituen aukerak ahal bezain urrun eraman nahi zituen Rochak: «Zinemaren hizkuntzak, soinuak, irudiak. Aukera poetikoak, fisikoak, sentsorialak. Film honen desafioa hori da: protagonistaren larru barnera sarrarazi nahi nuen ikuslea».

Horretarako, filma zuri-beltzean izateaz gain, planoak izugarri hurbiletik filmatuak dira. Larru zaharkituaren zimur bakoitza. Gainera, hiria ere anitz filmatzen duela, batzuetan gizonaren larruaren azala hiriko lur eta murruen azalarekin nahasten da. Hor ere, nahitara: «Ez nuen mugarik jarri nahi bien artean. Gizonak hiltzen direnean lur azpira eramaten dira. Eta hiria lur azpitik jalgitzen da». Hiritar oinezkoen joan-etorrien arteketatik, dokumentalaren mugetatik aitzina doa filma: «Xehetasun txikiak emeki-emeki metatzen dira, eta gauza handi bat ematen dute, bizian bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.