XX. mende hasieran kaleratu zuen Marcel Proustek À la recherche du temps perdu. Orduko eleberrigintzan aldaketa sakona eragin zuen obrak, eta literatura unibertsaleko lan handien artean dago egun. Zazpi eleberriz osatutako lanaren lehen alea euskaraz irakurtzeko aukera dago orain, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak Literatura Unibertsala bildumarako eginiko itzulpenari esker: Denbora galduaren bila (Alberdania-Elkar). Testuaren zailtasuna kontuan hartuta, Arrietak egindako «ingeniaritza lana» goraipatu du Juan Garzia itzultzaileak. Proustena bezalako lan bat itzultzeak euskararentzat duen garrantziagatik, atzokoa gogoratzeko eguna izango dela ziur daude bildumaren sustatzaileak.
Azken egunak Gandiagarekin lanean Joxe Azurmendik Stendhal sindromea deritzonaz eginiko gogoeta aipatu du Arrietak. Artelan eder baten aurrean bertigoa eta eldarnioak sor ditzakeen gaitz psikosomatikoa deskribatu zuen Stendhal frantziar idazleak Florentziako basilika ikusi zuenean. «Prousten Stendhalen sindromea ez du ezein arte obraren ikusmiraren lilurak eragiten, baizik eta eguneroko bizitzako objektu ezin xumeago batzuek, aho goxagarri teaz bustiriko madalenatxo batzuek, eta ernamuin horretatik jalgiz eraikitzen du paristar eskisito honek bere mundu osoa».
Idazleak sorturiko pertsonaiak euskaraz hizketan paratu izanaz gogoeta egin du Arrietak. «Bitxia dirudi oraindik ». Idazle eta itzultzaileak badaki 30 urteotan gauzak «dezente» aldatu direla. «Uxatu ditugu neurri handi batean simulakroaren mamu haiek, hain aspaldi ez dela, euskarazko benetako literatura bat ezinezkoa zela ohi zioten adur txarreko iragarleen profeziak, zergatik eta kaleko mundua gehienbat erdaraz bizi delako. Gainditu dugu hesi hori, handira jokatuz gainditu ere».
Halere, Arrietaren ustez, literatur lan batek kontatzen duena zenbat eta gure esperientzietatik hurbilago, orduan eta «arraroago» gertatzen zaigu pertsonaia batzuk euskaraz entzutea. «Naturaltasun osoz irakurtzen ditugu, euskara dotorean mintzo direlarik, Shanghai, New York, Novosibirsk edo Veneziako pertsonaiak; aldiz, bertakoak direnean, kosta egiten zaigu askotan ezinbesteko konbentzionalismo hori onartzea». Ehun metro eleberrian Saizarbitoriak ezin izan zituela polizia espainiarrak edo ElDiario Vasco-ko kronistak euskaraz hitz egiten aurkeztu gogorarazi du; «kirrinkariegia zen errealitatearekiko, kontraesan bortitzegia».
Egun, berriz, Izarren argia filmean «Saturrarango borrero nazional-katoliko-faxista haiek euskara txukunean» entzun ahal izan direla aipatu du. «Hori euskaraz eman duten tokietan, areto gehienetan erdaraz eman omen baitute. Baina hori beste istorio bat da. Beste istorio bat, bai ote? Ez, istorio bera da: gure eskizofreniaren istoria». Euskararen normalizazioaren haritik jarraitu du gogoeta. Literatura Unibertsala sailean soilik ia 150 lan itzuli direla eta beste ehunka idatzi direla aipatu du. «Apaindu, zaharberritu, emokatu, loreztatu, garbitu, erraztu ditugu gure auzoko etxe eta kaleak. Baina gure auzo hau ghettoa da oraindik ere euskal hirian. Noiz aterako gara ghettotik? Edo etsi egin behar dugu, eta ghettoan laketu?».
Itzultzailea «han egotea»
Hari berari heldu dio Juan Garziak, Proust lana euskaratzeak normalizazioari begira duen garrantziaz hitz egiteko. «Bada denok kezkatzen gaituen kontu bat; literaturari dagokionez joan gara ez dakit noraino, baina atzera begiratzean, atzetik nor datorren ez dugu ikusten. Ez dago oso garbi abangoardia garen, edo dagoeneko galdu garen. Dena den, guk ez dugu erremediorik, besterik ez dakigulako egiten eta ez dagokigulako guri hori konpontzea».
Euskarazko itzulpengintzak, halere, aurrerabideak egin dituela uste du Garziak. Prousten lana itzultzeko urtetan euskara bera eta itzultzaileak ez zeudela prest pentsatu izan du, eta kasu honetan, itzulpen lortua izateko, testuari «tankera ematea nahikoa» zela. Hargatik, Arrietak eginiko ahalegina goretsi du, sintaxi aldetik dituen zailtasunak azaltzeko mintegi bat beharko litzatekeela iritzita. «Itzultzaileari gauza bakarra eskatzen diot: han egotea, kontatzen duen horretan, berea balitz bezala; kontatzen diguna agian ez da zehatz-mehatz jatorrizkoa izango, baina gutxienez zentzua du». Lan horretan idazle izateak laguntzen duela uste du.
«Euskarak zer ospatua badu, halako lanak euskaraz irakurtzeko aukera edonoren esku dagoelako orain», Inazio Mujika Iraola Alberdaniako editorearen ustez. 20 urtetik gora ditu literatur lan ospetsuenak euskaratzeko Literatura Unibertsala bildumak, eta 149. zenbakia da Denbora galduaren bila. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) sustatzen dute ekimena, eta beste 50 lan itzultzeko ituna egina dute.
Prousten itzulpena, «ingeniaritza lana»
Idazle frantsesaren 'Denbora galduaren bila' eleberria euskaratu du Joxe Austin Arrietak, Literatura Unibertsala bildumarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu