Gizartearen lasaitasunerako, botereak edozer jan, ordaindu, artxibatu eta museo bihurtzen duela, baita gauzarik eta kontrakulturalena ere, idatzi genuen aurreko batean. Gaur boterea eta askatasuna diruak ematen duela. Baina ez, sistema ez da den-dena irensteko gai. Berea ez den indarkeria, izan hitzezko izan ekintzazko izan sinboliko, ez dago prest jateko. Kontrakultura eraginkor bat egitea ez da erraza gaur egun. Asko jota gustu txarreko ekintza bat egin duzula egotziko dizute edertasuna bilatzea beste helbururik ez duela izan behar kulturak pentsatzen dutenen artetik. Zakarra eta zabarra, edukazio txarrekoa.
Gaur egun edertasun bila jardutea jarrera etiko bakarra izango balitz bezala: paisaia eder bat, argazki bikain bat, eskultura harmoniko bat, pelikula atsegin bat... Minduko ez duen arantza bako arrosa hau, itsustasuna agertuko ez duen argazki hori, barrenak nahastuko ez dizkizun fikzio hura, aurpegira tu egingo ez dizun kantu haragokoa. Baina hori dena ere etikoa da, tu egitea, salatzea, mintzea, odoletan jartzea. Edertasunari kantatze hutsa onargarri ote da hurbileko eta urrutiko mundu krudel injustu eta hiltzaile honetan? Agian bai. Agian, inozentzia inozoena izan liteke mezurik mingarriena, baldin eta horrelakorik inon bada, ez bada zinismoz mozorrotutako inozentzia. Denak du muga bat, esango dizute, esango dugu, esango diogu geure buruari.
Balkanetako gerran garaian, Veneziako bienalean haragi meta handi bat jarri zuen artistak batek. Usteltzen eta kirasten zihoan egunak aurrera. Usteltzen, ez konpost bihurtzen. Kendu arazi egin zioten. Izan ere gerran hildakoak horrela muturren aurrean jarri nahi izatea oso gustu txarrekoa behar du izan, inondik ere. Ez ez, hala ere, giza haragia, arte ekintzak eskatzen zuen bezala, behi haragia baizik. Gehitxo izango ote zen Europaren bihotzean barreiatuta zeuden gorpuak bienaleko erakusketara ekartzea? Zer da Auschwitzeko eremuan pilatutako azal eta hezur hutsezko gorpu guzti horien argazki bat? Artea al da? Kontrakultura al da ? Zerbait salatzen al du dagoeneko? Auschwitz eta gero posible al da irudi ederren peskizan ibiltzea? Auschwitzeko argazkiak museotan sartu direnez geroztik ez al dugu Auschwitz bera neutralizatu? Hutsaldu? Merchandising bihurtu?
Arteak zer behar duen izan. Zer uzten ote zaion izaten. Edota noiz bihurtzen dugun arte zentzu eraginkorrenean ez bada debekatzen dugunean. Eta hemen debekatu, debekatu, beti sistemaren ez beste indarkeria debekatu da, izan hitzezko izan ekintzazko izan sinboliko. Hori da sistemarentzatjangarri ez dena. Edozer, beste indarkeria bat izan ezik. Zer izango litzateke emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko emakumeak indarkeria erabiltzen hasiko balira? Terrorismoa? Auto-defentsa? Kontrakultura? Ekintza artistiko bat? Urrutiegi joatea ote da idatziz jartzea bera? Non dago muga?
Barrutira etor gaitezen. Zer da prozesio ateo bat debeka dezaten? Eta zer prozesio katoliko bat debekatu ez dezaten? Zer da Julieta Itoiz raperoaren kantu bat Iruñeko alkate Yolanda Barcinak epaiketa bidean jar dezan? Eta zer Euskal Jai gaztetxea poliziaren eta hondeamakinen bortizkeriaren laguntzaz eraistea agintzea salagarria izan ez dadin? Zer da Aitor Gorosabelen Bildu gara bildu kantua ETAren indarkeria sustatzeaz sala dezaten? Eta zer hainbat politikoren adierazpen mendeku zaleak indarkeria sustatzeaz susmagarri ez izateko?
Katuajeak
Prozesio ateo bat eta bi kantu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu