«Maite dut Leonardekin mintzatzea / kirolari bat da eta artzain bat / alfer madarikatu bat / traje batean bizitzen». Hitz horiekin abiatzen eta amaitzen da Going Home, Leonard Cohenen Old Ideas disko berriko aurreneko kantua; gaur jarriko du plazan disko hori Columbia diskoetxeak. Amen, Show Me the Place, Darkness, Anyhow eta Crazy to Love You dira diskoa osatzen duten beste kantu batzuen izenburuak. Leonard Cohenekin mintzatzeko ez, baina gutxienez Leonard Cohenek azkenaldian zer dioen entzuteko aukera eskainiko du. Kantariak estudio batean grabatzen duen hamabigarren diskoa da, aurrenekoa 2004ko Dear Heather-ez geroztik.
Amodioa, sexua, fedea eta heriotza dira Leonard Cohenen disko berria osatzen duten hamar kantuetako gai nagusiak; ez du horrek inor ezustean harrapatuko, Cohenen beti-betikoak baitira. Disko berriko kantuen molde musikalak ere ez. Hala ere, txaloak jaso ditu musika kritikarien aurrean disko berriko kantuak zuzenean jotzeko egin dituen saio bakanetan, eta mundu osoan ikusmin handia piztu da gaur kalera iristekoa den lanaren inguruan.
Jennifer Warne, Sharon Robinson eta Anjali Thomas musikariak izan ditu lagun diskoa grabatzerakoan, eta Ed Sanders izan da ekoizlea. Grabazioa gainerako diskoetakoa baino arinago egin dutela esan du Cohenek, baina ez dela erraza izan, hala ere, kantu bati bere nortasuna ematea borroka bat izaten delako beti, lan ezinbestean gatazkatasua. «Egiten dakizkizun gauza bakanetako bat egiten saiatzen zara», adierazi zuen Cohenek, diskoa aurkeztu osteko solasaldi batean. «Ia hautsezina den isiltasun batekin harremanetan sartzen zara, eta eskerrak ematen dituzu zerbaitek hura zeharkatzen baldin badu».
Biraren ondorioa
Disko berria 2010ean amaitu zuen biraren ondorioa da, kantariak azaldu duenez. «Publikoak agertu zidan estimuak eragin handia izan zuen niregan. Indarra berreskuratu nuen hari esker, eta bira amaitu eta gero ez nuen gelditu nahi. Beraz, disko honetarako lanean hasi nintzen».
Zuzeneko emanaldiak egitera itzultzeko amorratzen dago orain Cohen, eta, horretaz gain, nahiko aurreratuak dituen baina Old Ideas diskotik kanpo geratu behar izan duten beste sei bat kantu landu nahi ditu. «Hitzak idatzita daude dagoeneko. Orain kontua ahots egokia aurkitzea da, egia izan dadin, eta ez eslogan huts». Hamabost urteko geldialdiaren ondoren egin zuen Cohenek aurreko bira, premia ekonomikoak hartara behartuta, ordezkari ohiak dirurik gabe utzi zuelako, bera Kaliforniako gune budista batean erretiratuta bizi izan zen garaian. «Hoztuta geratua zen nire bihotzaren zati bat berotu zuen birak», adierazi du Cohenek.
Publikoak emandako berotasuna, kantu bihurtua
Leonard Cohenek gaur jarriko du salgai mundu osoan 'Old Ideas' diskoa, hamar abesti berriz osatutakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu