Donostiako 74. Musika Hamabostaldia. Carlos Mena. Kontratenorra

«Publikoarengan eragin hipnotiko bat sortzen dute 'ground' edo 'ostinato'-ek»

XVI eta XVII. mendeetako 'ground' edo 'ostinato'-ak ezagutzeko aukera eskainiko du gaur Carlos Menak antzinako musika zikloan, Carlos Garcia-Bernalt organistarekin batera egingo duen saioan.

Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Henry Purcell, Benedetto Ferrari, Domenico Mazzocchi, Giovanni Felice Sances, Francesco Storace eta Claudio Monteverdik sortutako ground edo ostinato-ak emango ditu gaur Carlos Mena kontratenorrak (Gasteiz, 1971) Carlos Garcia-Bernalt organo jotzailearekin batera. Capilla Santa Maria osatzen dute biek, Gasteizko Santa Maria Katedralaren Fundazioak babestuta 2009an sortutako taldea, Menak zuzendua eta XII eta XVIII. mendeen arteko musika ematera bideratua. Hamabostaldiko antzinako musika zikloko hirugarren eta azkenurren emanaldia izango da, zikloko guztien leku eta ordu berean: Santa Teresa komentuan, 20:00etan.

Zertan oinarritu zara programa osatzen duten piezak aukeratzeko?

Capilla Santa Maria taldearen filosofiaren oinarrietako bat da une bakoitzeko egoerara egokitzen saiatzea, katedraletako antzinako musika kaperek egiten zuten moduan: egokitu egoera sozialera, egokitu egoera ekonomikora, garaian nagusi diren estiloetara, dauden organoetara eta musikarietara… Kasu honetan, Hamabostaldiak organo positibo batekin egiteko kontzertua prestatzeko eskatu zidan, baxu etengabea duen organo batekin, eta oinarri horretatik abiatuta diseinatu nuen programa. Italia eta Ingalaterrako obrak dira denak, XVII. mendearen hasieran Europa osoan zabalpen handia izan zuen estilo musikal batekoak; ingelesez ground deitzen da estilo edo genero hori, italieraz, ostinato. XVII. mendearen hasieran musika konposizioaren munduan hainbat iraultza izan ziren eta adierazkortasunaren iraultza horren tresnetako bat musika estilo hori izan zen, ground edo ostinato-ena.

Zeintzuk dira groundedo ostinato-en berezitasun nagusiak?

Genero honen berezitasunetako bat da organoaren baxu etengabeak —grabeen lerroak— formula erritmiko-melodiko bat errepikatzen duela behin eta berriz piezak irauten duen tarte osoan; bitartean, ahots nagusiak —kantuak kasu honetan— baxu horren gaineko bariazioak egiten ditu. Baxu bakar bat oinarri duela, gauza ezberdinak adierazten dituzten lerro melodikoak sortu behar izaten ditu musikagileak. Pieza hauen interes nagusia izaten da musikagileak bariazio horietan erakusten duen trebetasuna edo birtuosismoa egiaztatzea. Oso erakargarriak dira.

Zer moduzko harrera izaten dute publikoaren aldetik?

Publikoarengan eragin hipnotiko bat sortzen duten lan hauek. Errepikapenen ondorioz, publikoak baxuaren mugimendua ezagutu egiten du, tantra baten antzera bereganatzen du, eta horren gainean eraikiko den bariazioaren zain geratzen da. Horrek konposizioan gertatzen ari denaren ulermen intimo bat eragiten du.

Aurretik ezagutzeke ere aise goza daitezkeen lanak dira, beraz?

Bai. Oro har, nik uste dut aro barrokoko musika guztiak duela berehalakotasun bat, halako zuzentasun bat, sentimenduak deskribatzerakoan, eta publikoak ondo hartzen duela. Publikoari aurkeztean arketipo gutxien duten musiken artean dago barroko garaikoa, eta baita Hamabostaldirako prestatu dugun programakoa ere.

Kantariari zer zailtasun nagusi planteatzen dizkio musika mota horrek?

Gainerako musika motek planteatzen dituzten berberak. Interpretaziorako tresnak ondo ezagutu behar dira, oreka on bat osatuz hautatu egokienak, eta intentsitatez bizi musika hori, errespetuz eta askatasunez.

Rene Jacbosen ikasle eta dizipulu izan zinen Basilean (Suitza). Zer arrasto utzi zizun?

Rene Jacobsen ikuspegian, kantaria ez da kantatzen duen musikari bat; kantaria ahotsaren instrumentista bat da. Horrez gain, poesia, estiloa, irizpide historizistak, askatasuna, garaiaren ezagutza eta beste alderdi batzuk aldarrikatzen ditu. Musikari aktibo baten aldekoa da. Musika irakurtzeaz gain, hura eta haren ingurua ezagutu eta ulertzen ahalegindu behar du musikariak, nola interpretatu erabakitzerakoan libreago izateko. Jacobsen ikuspegi horrek bat egin zuen nirearekin, eta oso harreman ona izan genuen. Jacobsekin ez ezik, Richard Levitt eta Pablo Gonzalez de Sampedrorekin ere asko ikasi dut.

Juanjo Mena musika zuzendaria anaia nagusia duzu. Haren eraginik jaso duzu?

Gero bide profesional ezberdinak hartu baditugu ere, txikitan funtsezkoa izan zen. Musika Juanjok maite duen bezala maite duen anaia nagusi bat izateak anaia gazteagoan eragin handia izatea oso logikoa eta naturala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.