Publikotasunaren mugan

Azkenean, Nafarroako Unibertsitatean eraikiko dute Maria Josefa Uharteren bilduma pribatua hartuko duen museoa, nahiz Nafarroako Gobernuak esku-eskura izan zuen artelan horiek bere egiteko aukera.

Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako Nafarroako unibertsitate pribatuko museoaren maketa. NAFARROAKO UNIBERTSITATEA.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ez da bilduma handia, baina bai garrantzitsua. Madrilgo Castellana pasealekuan duen etxean sartzen zaizkio Uharteri bere lan guztiak. 50 pieza inguru dira, guztira, baina izen handiko sortzaileak daude haien atzean: Picasso, Rothko, Palazuelo, Tapies, Kandinsky, Oteiza, Txillida... Esku-eskutan izan zuen orain hamar urte Nafarroako Gobernuak bilduma hori kudeatzeko aukera, baina hatz artetik egin zioten ihes piezek, azkenean, eta Opus Deik kudeatzen duen Nafarroako Unibertsitateak hartuko ditu orain. Rafael Moneo arkitektoak diseinatu du harentzako zentroa, eta 2013an irekiko ditu ateak. Behin eta berriz azpimarratu dute beren asmoaren irekitasuna unibertsitateak eta Uhartek berak. Museoa esku pribatuek kudeatu arren «gizarte osoarentzako» izango dela azpimarratu dute etengabe. Eta ildo beretik jo dute gobernuko kideek ere; ez dela ezer ere galdu diote, eta esku publiko edo pribatuetan izan bilduma Nafarroan gelditu izana dela garrantzitsuena. Bilduma kudeatzeko aukera esku-eskutan izan zutela ahaztuta, nonbait.

Itzal luzeko abizena da uhartetarrena Euskal Herriko kultura esparruan. Uhartetarren ekimen eta laguntzaz sortu ziren, besteak beste, Iruñea Europako abangoardiaren muturrean kokatu zuten 1972ko Artisten Topaketak eta X films izeneko zinema ekoizpen etxea ere. Anaien gustuekin beti bat egin ez, eta bere arte bilduma propioa sortzen hasi zen, ordea, Maria Josefa Uharte. 1956an erosi zion lehen pieza Oteizari, eta XX. mendeko bigarren erdialdeko artista esanguratsu askoren lanak jaso ditu geroztik. Palazuelorenak, bereziki. Beretzat erosten zituen lanak, «ziztada bati segituz», haren hitzetan, baina beti izan du bere bilduma jendeari hurbiltzeko gogoa. 1994koa da haren artelanentzako museo bat egiteko lehen asmoa.

Rafael Moneo arkitektoak egin zuen orduan ere proiektua. Garesko lurretan dagoen Sarria jaurerrian egin behar zuten museoa, eta diseinua ere egin zuen arkitektoak, baina jendearengandik urrunegi egongo zela pentsatu, eta atzera egin zuen Uhartek, azkenean. Moneo eta jendearengandiko hurbiltasuna; bi horiek izan dira gerora ere bere bilduma inoren esku uzteko jarri dituen bi baldintza nagusiak. Haren arkitekto kuttunak diseinatua behar zuen eraikuntzak, eta Iruñean egin behar zen museoa, jendearengandik hurbil. Asmo hori bideratzeko sortu zuen 1997an Beaumont fundazioa Javier Vidal senarrarekin.

Baina are eskari zehatzagoa egin zion Nafarroako Gobernuari 2001ean. Iruñean bai, baina Iruñeko Ziudadelan behar zuen zehazki bere bilduma hartuko zuenarte garaikideko zentroak. Baldintza hori jarri zien agintariei, bere lanak utziko bazizkien. Han edo beste inon ez. Orduan izan zen Uharteren bilduma publiko izateko muga-mugan, eta handik gutxira egin zioten ihes gobernuari. Hitzarmena sinatzera ere heldu ziren, ekitaldiari nahikoa sona emanez, gainera. Sinatutako testuaren arabera, zentro garaikide bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuten erakunde publikoek, eta bere funtsak bertan utziko zituela hitzartzen zuen fundazioak. «Nafarroako arte garaikidearen ardatz» izan behar zuen museoak, Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohiaren hitzetan.

Ziudadelan nahi, eta ezin

2003an amaitu zen bide hori. Espainiako Kultura Ministerioak itxi zuen Ziudadelako atea. Gotorlekuak hustea eta eraikina han egitea zen asmoa, baina bertan behera utzi behar, Ministerioak egindako ikerketaren arabera, gunearen berezitasunak kontuan hartuta ez baitzen halako lanik komeni. Eta Uhartek hautatutako lekuak huts egitean, bertan behera gelditu zen museoa ere. Akabo arte garaikideko zentroa eraikitzeko aukera, eta kito bilduma kudeatzeko aukera ere.

Nafarroako Gobernuak jarraitu zuen negoziatzen. Uharteko Arte Garaikideko Zentroa eta autobus geltoki zaharraren eraikina proposatu zizkion Uharteri alternatiba gisa 2007aren inguruan. Edo hori azaltzen zuten egunkariek, behintzat, baina ez zuten gogorregi egin, eta horrek gogaitu zuen Uharte. Ez zuen bere bildumarekiko interes handirik sumatu, nonbait, eta Nafarroako Unibertsitatearekin hasi zen hizketan. Iruñean eraikiko zuen museoa, baina ez zehazki Ziudadelan, campusean baizik. 2008an sinatu zuen haiekin hitzarmena, eta orduan itxi ziren erabat bilduma gobernuaren eskutan egoteko aukerak. Bere bilduma unibertsitateari eman egiten ziola zehazten zuen testu hark, eta trukean Moneok museo bat eraikiko zuela. «Publikoari irekita egon behar du», dio Uhartek, «ez du elitearentzat izan behar, irekia baizik. Erabat irekia». Publikotasunaren mugan, berriz, erakunde pribatu batek kudeatuko baitu irekitasun hori.

Autokritika falta

25 milioi euroko kostua izango du eraikuntzak. Jatorri pribatua izango du inbertsioaren %60k, eta gobernuak eta unibertsitateak ordainduko dute %40a. Ikerketa egitasmoen eta erakusketen kudeaketaren %100 izango da, ordea, unibertsitatearen esku. Batek zein besteak kudeatu, bilduma Iruñean egotea da funtsezkoa, gobernuak orain arte adierazi duenez. Eskutik doazela guztien interesak, alegia. Gizarteak eskura izango duela Uharteren bilduma, baina gobernuak besterik adierazi nahi arren, haren kudeaketa publikoa edo pribatua izatea ez da gauza bera. Oraingoz, autokritika txikienik ere ez da izan, baina datuak badaude: publiko izateko mugan izan zen orain pribatu den museoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.